Liburutegi libreak, berriro martxan

Maialen Etxaniz 2023ko mar. 8a, 09:46

Sanagustinpeko liburutegi librea, berriro hornituta. (Maialen Etxaniz)

Udal Liburutegiko kideek askotariko materialez hornitu dituzte berriro herriko hainbat txokotan dauden liburutegi libreak. Edonork har edo urtz ditzake liburuak kutxetatik. 

Azpeitiko Udal Liburutegiaren sustapenez, liburutegi libreak aurki daitezke herriko hainbat txokotan. Hilabete luzez hutsik egon ostean, berriro hornitu dituzte liburuz. Aste berriarekin batera, astelehenean, bete zituzten liburuz liburutegi askeko kutxak, eta, horrenbestez, berriro daude martxan. Bost liburutegi libre daude herrian: Sanagustinpean, kiroldegian, igerilekuan eta Jose Artetxeko bi autobus geltokietan. 

Edonork har edo utz ditzake liburuak kutxetatik; izan ere, "liburu libreekin" osatutako guneak dira liburutegi libreak. Nahi duenak har dezake liburu bat haietatik, irakurri ondoren beste liburutegi libre batean uzteko. Horixe da egitasmoaren xedea: liburuen trukaketa eta mugimendua sustatzea, irakurzaletasuna bultzatzea, irakurgaiak kalean eta denen eskura jarriz. 

2017an jarri zuten martxan liburutegi libreen egitasmoa, Azpeitiko Udalak eta Azpeitiko Udal Liburutegiak sustatuta.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide