Boluntario berrien bila ari da Baigera, errelebo faltaz kezkatuta

Maialen Etxaniz 2023ko mar. 13a, 12:01

Baigeraren 2022ko batzar nagusiko irudia. (Mailo Oiarzabal)

Jubilatuen eta pentsiodunen elkarteko kideek adierazi dute jende berria behar dutela "Baigeraren jarduna aurrera eramateko eta mantentzeko". Gaur egun batzordekide direnek "urte ugari" daramatzate lanean, eta uste dute iritsi dela erreleboa emateko garaia. Batzordeko kideek dei egin diete boluntario lanetarako prest dauden herritarrei haien ekarpena egin dezaten. Hilaren 29an egingo dute urteko batzar orokorra. 

Baigera Azpeitiko jubilatu eta pentsiodunen elkartea boluntario bila dabil. Hori dela eta, Baigerako kideek herritarrei elkartearen egoeraren berri eman nahi izan diete. Gaur egun, zazpi lagun ari dira lanean Baigeraren batzordean, eta horietatik seik beteta dute ordezkari izateko epe muga: "Uneotan, zazpi lagun ari gara lanean Baigeraren batzordean, urtean zehar egiten ditugun lanak aurrera ateratzeko. Gure estatutuek diote, ordea, batzordekide bakoitzaren jarduna bi edo lau urtekoa izan behar dela, eta batek izan ezik beste guztiok beteta dugu epe hori". Egoeraz kezkatuta daude elkarteko kideak, eta lanerako prest dagoen jendearen bila dabiltza.

Jubilatuen eta pentsiodunen elkarteko kideek adierazi dute jende berria behar dutela "Baigeraren jarduna aurrera eramateko eta mantentzeko". Era berean, azpimarratu dute azken urteetan "behin baino gehiagotan" egin dutela jende berria erakartzeko deialdia, baina erantzuna ikusita, erabakiak hartu beharrean ikusi dute haien burua: "Azken urteetan behin baino gehiagotan  egin dugu jende berria erakartzeko deialdia, baina erantzunik jaso ez dugunez, astean zehar egiten dugun lana bi egunetara murriztea erabaki dugu, eta boluntariorik agertuko ez balitz apiriletik aurrera ekingo diogu horri". Hain zuzen, lanegunak murriztea da erabaki dutena: "Baigeraren lan egunak gaur egun astelehenetik ostegunera bitartekoak dira . Egun horietan 10:30etik 12:30era aritzen gara lanean. Egoera aztertzen ari gara, eta lau egunetako jarduna bi egunetara murriztea aztertzen ari gara. Gogorra iruditzen zaigu hona iritsi behar izatea, baina beste aukerarik ez balego ez genuke beste irtenbiderik izango".

Elkarteko kideek jakinarazi dutenez, guztira, 1.900 bazkide inguru ditu Baigerak, eta horietatik gazteenak, 60-70 urte bitartekoak, 400dik gora dira. "Kopuru handia da, eta gure ustez, horien artean egon beharko luke laguntzeko gogoa duenik", diote. Gaur egun Baigerako batzarreko kide direnek uste dute iritsi dela erreleboa emateko garaia: "Orain gaudenok urte asko daramatzagu ahal duguna egiten, baina bada ordua jende berriari lekukoa pasatzeko". Herritarrek "egoera zein den" ulertuko dutela espero dute Baigerakoek, eta "denon artean irteera egoki bat" emateko esperantzan jarraitzen dutela adierazi dute. 

Batzar orokorra, martxoaren 29an

Jubilatuen eta pentsiodunen elkarteak urteko batzar orokorra egingo du martxoaren 29an 16:30ean, Baigeraren aretoan, eta egun horretan jendeak bere alea jartzea nahi dute elkarteko kideek. "Ondo legoke jendea bere burua aurkeztera animatuko balitz. Guk pozarren hartuko genuke, eta ondo azalduko genioke zein diren egin beharrekoak", azaldu dute. Era berean, boluntariorik aurkeztuko ez balitz, zer egin erabaki beharko dutela aurreratu dute Baigerakoek: "Herritarrak boluntario aurkeztuko ez balira, gai honi denon artean konponbidea nola eman pentsa beharko genuke".

Iaz ere, "lanerako gogoa" duen jendeari dei eginez egin zuen 2022ko batzar orokorra Baigerak. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide