Gizarte Zerbitzuen sailak astelehenean estreinatuko du egoitza berria

Aitziber Arzallus 2023ko mar. 15a, 09:05

Gizarte Zerbitzuen egoitza berria. (Azpeitiko Udala)

1766ko Matxinada kaleko 3. eta 4. zenbakietan kokatuko dira bulego berriak, Alberdieneko etxeen beheko solairuan. Astelehenean 10:30ean zabalduko dituzte egoitza berriko ateak, eta 12:00ak bitartean azpiegitura berria barrutik ikusteko aukera izango dute herritarrek.

Azpeitiko Udaleko Gizarte Zerbitzuen sailak egoitza berria izango du astelehenetik aurrera. Hain zuzen ere, 1766ko Matxinada kaleko 3. eta 4. zenbakietan kokatuko dira bulego berriak, Alberdieneko etxeen beheko solairuan. Horrenbestez, aurrerantzean hara joan beharko dute zerbitzua jaso nahi duten herritarrek.

Astelehenean 10:30ean zabalduko dituzte egoitza berriko ateak inaugurazio ekitaldi batekin, eta 12:00ak bitartean ate irekiak egingo dituzte, herritarrek azpiegitura berria barrutik ikusteko aukera izan dezaten. Nahi duten guztiek izango dute bertaratzeko aukera.

Egoitza aldaketa dela eta, gaurtik ostiralera bitartean itxita egongo da udaletxeko Gizarte Zerbitzuen harrera. Hala ere, zerbitzua eskaintzen jarraituko dute 943-15 71 92 telefono zenbakian, eta beharrezko jotzen duten kasuetan, baita aurrez aurre ere.

Udalak adierazi duenez, azken urteotan asko hasi da Gizarte Zerbitzuen saila, bai eskaintzen dituen zerbitzuen kopuruan, baita giza baliabideetan ere, eta udalak zerbitzu horiek udaletxeko bigarren solairutik egoitza berrira lekualdatzeko erabakia hartu zuen "heritarrei eskurago" jartzeko helburuarekin.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide