Dozenaka herritar bildu dira "indarkeria matxistaren eta erasotzaileen inpunitatearen aurka" egin duten elkarretaratzean

Aitziber Arzallus 2023ko mar. 14a, 21:25

Gaur arratsaldean Azpeitiko plazan egin duten elkarretaratzea. (Aitziber Arzallus)

Ertzaintzak 30 urteko gizon bat atxilotu zuen zapatuan Azpeitian, Donostiako etxebizitza batean bikotekideari sexu erasoa egitea egotzita, eta horren harira egin dute mobilizazioa, Itaiak deituta. Indarkeria matxista orori aurre egin! Erasotzaileen inpunitaterik ez! lelopean egin dute protesta. 

Ertzaintzak 30 urteko gizon bat atxilotu zuen zapatuan Azpeitian, Donostiako etxebizitza batean bikotekideari sexu erasoa egitea egotzita, eta horren aurrean, elkarretaratzea deitua zuen Itaiak gaur arratsalderako. Dozenaka izan dira Indarkeria matxista orori aurre egin! Erasotzaileen inpunitaterik ez! zioen pankartaren atzean bildu diren herritarrak, 19:30ean hasita plazan egin duten mobilizazioan. 

Urola Erdiko Itaiak gogor salatu du jazotako erasoa, eta babes osoa adierazi dio erasotutako emakumeari. Indarkeria matxista "oraindik ere egunoroko ogia" dela adierazi du, eta horren adibide direla azken asteetan Donostian, Irunen eta Bergaran gertatu diren erasoak. "Nahiz eta gizartearen gehiengoa berdintasunaren alde lerratu, eraso horiek erakusten digute errealitatea kontrakoa dela. Desagertzetik urrun, indarkeria matxista kasuak ugariak dira oraindik ere, eta ez dute inolaz ere beheranzko joerarik".

Erasoaren zama oraindik ere erasotuaren gain erortzen dela gaitzetsi du Itaiak, alderantziz izan beharko lukeenean, eta adierazi du eraso baten aurrean beste aldera begiratzen duena konplize bilakatzen dela. "Erasotzaileek emakume langileon aurkako erasoak burutzen dituzte beraien posizioa baliatuta eta, gainera, inpunitate sozial osoa izan ohi dute beraien bizitzekin jarraitzeko: eguneroko errutina mantentzen dute eta, berriro ere, erasotua izaten da kaltetua. Erasotua izaten da bere bizitza aldatzen duena, erasotua izaten da erasoaren pisuaz bizi behar duena. Eraso horien aurrean, bi aukera daude: beste aldera begiratzea edo erasotzaileari aurre egitea. Erasotzailea zuritu eta beste aldera begiratzen dutenak indarkeria kasu horien konplize dira, modu horretan erasotuari bizkarra ematen baitzaio eta eraso matxistak normalizatu".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide