Ernairen Gazte Topagunearen aurkezpena izango da ostiralean Orkatzen

Maialen Etxaniz 2023ko mar. 15a, 17:13

Ernairen topagunearen aurkezpenaren agerraldiko irudia. (Ernai)

Azpeititik ari gara lelopean egingo dute 2023ko Gazte Topagunearen aurkezpena, eta solasaldia zein afaria prestatu dituzte ostiralerako. Ernaik 10 urte bete berri ditu, eta urtemugaren harira, antolakundeak topagune berezia prestatu du apirilerako. Leku berezian egingo dute topagunea, Elorrion. 

Ernai gazte antolakundeak 10 urte bete zituen igaro berri den martxoaren 2an, eta urtemuga borobila dela eta, Ernai Gazte Topagune berezia prestatzen ari da. Euskal Herriko hainbat eta hainbat txokotan egin dituzte aurkezpenak, eta Azpeitian ere emango dute ekimenaren berri. Hain zuzen, Azpeitiko Ernaik antolatuta eta Azpeititik ari gara lelopean aurkeztuko dute Gazte Topagunea ostiralean, hilak 17.

Orkatzen jarri dute hitzordua 19:30ean, eta topagunearen aurkezpena egingo dute aurrena. Ondoren, 20:30ean hasita, afaria izango da Orkatzen bertan, eta jarraian topa egingo dute gazte antolakundearen hamargarren urteurrena ospatzeko. Eguna borobiltzeko Ernairen gazte topaguneetako abestien errepasoa egingo dute. 

Apirilaren 6tik 9ra egingo du Ernaik aurtengo Gazte Topagunea, Bizitzeko modu bat lelo hartuta. Duela bi hamarkada egindakoari keinu egin dio Ernaik 2023ko Gazte Topagunearen kokalekuarekin. 2002an Elorrion (Bizkaia) antolatu zuten topagunea, eta han egingo dute aurtengoa ere. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide