Udaleko Gizarte Zerbitzuek estreinatu dute egoitza berria

Mailo Oiarzabal 2023ko mar. 20a, 14:32

10:30etik eguerdira arte, Alberdieneko etxeen azpian ireki dituzten bulegoak ezagutzeko aukera izan dute herritarrek. Udalak gonbidatutako herriko hainbat gizarte eragiletako ordezkariak izan dira aurrenak. Gizarte arloan eskaintzen dituen zerbitzuen eta dirulaguntzen katalogoa prestatu du udalak; horren lehen aleak gaur banatu ditu bulego berrien inaugurazioan, eta aste honetan hasiko da etxez etxe banatzen.

Udalaren Gizarte Zerbitzuen sailaren egoitza berria martxan da. Gaur goizean ireki dituzte ateak bulego berriek: udaletxean orain arte izan duten tokia utzita, gaurtik aurrera 1766ko Matxinada kaleko 3. eta 4. zenbakietan, Alberdieneko etxeen beheko solairuan, egingo dute lan eta hartuko dituzte herritarrak Gizarte Zerbitzuetako langileek.

10:30etik eguerdira arte, bulego berriak ezagutzeko aukera izan dute herritarrek. Udalak gonbidatutako herriko hainbat gizarte eragiletako ordezkariak izan dira aurrenak. Nagore Alkorta alkateak eta Leire Goenaga Gizarte Zerbitzuetako batzordeburuak egin diete harrera. Gizarte Zerbitzuen lekualdaketaren arrazoi nagusiak "herritarrengandik gertuago" egotea eta zerbitzua baliatu behar edota nahi dutenentzat "irisgarriago" izatea direla esan du Alkortak, "ahalik eta zerbitzu onena emateko". Udalak azken urteetan Gizarte Zerbitzuak indartzeko egin duen ahalegina azpimarratu du alkateak. Diru baliabideak ez ezik –2,5 milioi eurora iritsi da 2023an sailaren aurrekontua–, giza baliabideak ere "handitu" dituztela esan du, beharren bat duen herritar oro, "adinekoak, familiak, adin txikikoak, beste herri batetik etorritakoak zein une jakin batean zaurgarritasun ekonomikoa bizi dezaketeenak artatzeko helburuarekin"; Gizarte Zerbitzuetan lan egiten duten administrari, gizarte langile eta teknikarien lana goraipatu eta eskertu ditu, era berean, Alkortak.

Goenagak, bere aldetik, egoitza berriaren zenbait xehetasun alzadu ditu eta bulegoak ezagutzera gonbidatu ditu herritarrak. Gaurko inaugurazio jardunaldia dela eta, joan diren herritarrentzat kafea eta pastak ere pronto zituzten egoitza berriko itxarongelan.

Zerbitzuen katalogoa

Gaurko ate irekiak baliatu ditu udalak prestatu berri duen Gizarte Zerbitzuen katalogoaren liburuxkaren lehen aleak banatzeko. Katalogo horretan jaso ditu erakundeak gizarte arloan eskaintzen dituen zerbitzu eta dirulaguntza guztiak, horietako bakoitza jasotzeko bete beharreko baldintzekin batera. Horrez gain, herrian lan egiten duten gizarte arloko taldeen eta elkarteen gida ere jaso du Gizarte Zerbitzuen katalogoan.

Katalogoa, euskaraz zein gaztelaniaz, etxez etxe banatuko du udalak, egun gutxi barru hasita, eta Azpeitia.eus webgunean ere jarriko du, kontsultatu nahi duen guztiarentzat.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide