Pasaiako segadaren 39. urteurrenean, "gertaerak ikertzeko eta argitzeko" aldarrikatuko dute

Nerea Uranga 2023ko mar. 21a, 10:13

Pasaiako segadaren 38. urteurreneko ekitaldia iaz, Azpeitiko Azoka Plazan. (Pasaiako Sarraskia Argitu)

Pasaiako Sarraskia Argituk zapatu arratsaldean ekitaldia egingo du, Azpeitiko Azoka Plazan. Martxoaren 28an, berriz, identifikazio saioa egingo duten egunean, elkarretaratzera deitu dute Donostian Gipuzkoako Auzitegi Nagusiaren aurrean.

Bihar, martxoak 22, 39 urte beteko dira Espainiako Estatuko segurtasun indarrek Komando Autonomo Antikapitalistetako lau kide hil zituztenetik. Dionisio Aizpuru Kurro eta Pedro Mari Isart Pelitxo azpeitiarrak eta Rafael Delas Txapas eta Jose Maria Isidro Izura Pelu iruindarrak izan ziren gertaera horretan hil zituzten lau kideak. 113 bala zulo zituzten lau gorpuek. Hildakoen senideek gertatutakoa argitzeko hainbat auzi bide hartu dituzte ordutik, baina ez dute lortu auzia ikertzerik.

Pasaiako segadaren urteurrenari lotuta hildakoen senideek eta lagunek hainbat ekitaldi antolatu dituzte, "justizia, egia eta errekonozimendua" eskatzeko. 39. urteurren egunean, bihar, Pasaian hildakoak gogoan, lore eskaintza egingo dute Enparan Dorretxearen atzeko belardian dagoen monolitoan, 19:00etan.

Kasua irekita, senideak babes eske

Aurten, gainera, Gipuzkoako Auzitegi Nagusiak berriz ireki du Pasaiako segadaren auzia, eta  auzitegi horrek 1984ko martxoaren 22an Pasaian izan zen polizia operazioan parte hartu zuten zazpi polizia deitu ditu; Joseba Merino –segadatik bizirik atera zen kide bakarra– deitu du aurrez aurreko identifikazio proba batera. Egun horretan bertan, gertaerak ikertzeko eta argitzeko eskatuz kontzentraziora deitu du Pasaiako Sarraskia Argituk, Donostian Gipuzkoako Auzitegi Nagusiaren aurrean. 10:00etan hasiko dute protesta, Pasaiako sarraskia ikertu eta argitu! lelo hartuta. Halaber, Pasaiako segadako kideek eta lagunek beste deialdi bat egin dute: 09:00etarako jarri dute hitzordua, epaitegiaren aurrean.

Aurretik, baina, datorren zapatuan, martxoaren 25ean, 19:00etan, Pasaiako segada argitzeko eskatzeko ekitaldi nagusia egingo dute Azpeitiko Azoka Plazan. "Azken urteetan, ekitaldi nagusia gai zehatz batekin lotu izan dugu (Estatuaren indarkeria, 1984 nobela, tortura...), eta aurtengoan, erbestearen inguruan sakonduko dugu", aurreratu du Pasaiako Sarraskia Argituk. Ekitaldi horretan, Zumaiako Eire musika taldeak ere parte hartuko du.

Kontseilu Sozialistaren ekitaldia

Urola Erdiko Kontseilu Sozialistak ere, Pasaiako segadan hildakoak gogoan ekitaldia antolatu du larunbaterako. Azpeitiko Esklabetako Zentro Sozialistan egingo dute ekitaldia, 13:00etan hasita, Langile mugimenduaren omenez leloarekin. Ekitaldiaren ondoren bertaratutakoentzat mokadutxoa egongo da.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide