ETBko 'SOS Kantak Arriskuan' saioan kantuan edo ikusle gisa parte hartzeko jende bila dabiltza

Mailo Oiarzabal 2023ko mar. 21a, 14:47

Iker Lauroba, Klara Mendizabal eta Lide Hernando, 'SOS Kantak Arriskuan' saioaren promozio irudian. (ETB)

Azpeitiko festetan abesten ziren bertso zahar batzuk berreskuratu eta herritarren ahotsekin grabatzea izango da saioaren xedea. Apirilaren 14an egingo duten emanaldian ikusle gisa parte hartzeko ere eman daiteke izena.

ETB1eko SOS Kantak Arriskuan saioaren atal bat grabatuko dute Azpeitian, eta bertan kantuan zein ikusle gisa parte hartuko duten herritarren bila ari dira saioaren arduradunak.

Galtzear dauden euskal kantak topatu, haien historia kontatu eta kanta horiek saiorako grabatuz berreskuratzea da SOS Kantak Arriskuan saioaren xedea. Herriz herri ibiltzen dira kanta zaharren bila saioaren hiru aurkezleak, Iker Lauroba, Lide Hernando eta Klara Mendizabal musikariak; eta herri bakoitzean tokian tokiko adituen laguntzarekin eta herritarren ahotsekin berreskuratzen dituzte kantu horiek.

Azpeitian, herriko festetan kantatzen ziren bertso zahar batzuk berreskuratzeko asmoarekin ariko dira. Apirilaren 12an, 13an eta 14an grabatuko dute saioa. Hirugarren egun horretan, berreskuratutako bertso zaharrak jendaurreko emanaldian kantatuko dituzte saioaren gidariek herriko kantariekin batera. Hori dela eta, batetik kantura animatuko diren herritarren bila dabiltza; eta, bestetik, azken eguneko emanaldiaren grabazioan ikusle gisa parte hartu nahi duten herritarren bila ere bai.

Izena eman nahi dutenentzat formulario hau prestatu dute.

'Herri txiki, infernu handi', etzi

SOS Kantak Arriskuan baino lehen grabatu berri dute ETB1eko beste saio bat Azpeitian: Herri txiki, infernu handi.

Hain zuzen ere, etzi, osteguna, grabatuko dute Azpeitiari eskainitako atalaren azken zatia: ekitaldia eta proiekzioa. Soreasu antzokian izango da ekitaldia, 19:00etan; 18 urtetik gorakoak joan daitezke bertara, doako ekitaldia izango da eta ez dago aurrez gonbidapenik eskatu beharrik. Miren Nogales eta Mikel Pagadi saioaren aurkezleek gidatuko dute emanaldia, eta Xebastian Lizasok bertsoz girotuko du.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide