Sari banaketa ekitaldia eginda, Azpeitiko Argazki Elkarteko kideek antolatutako 2023ko Sokamuturra eta Altzarte argazki lehiaketen erakusketa zabaldu dute gaur eguerdian Betharrameko aretoan. 13:00etan hasi da sari banaketa ekitaldia, eta bertan izan dira argazki elkarteko eta udaleko ordezkariak, Imanol Eliasen alargun Itziar Oiarzabal, Iñaki Joaristiren alargun Miren Madrazo eta aurtengo lehiaketaren irabazleak.
Aurten, Gorka Arregi, Kike Orbegozo eta Mikel Zengotita argazkilariek eta Enekoitz Esnaola sokamuturzaleak osatu dute epaimahaia, eta horiek horrela erabakita, Ander Uria azpeitiarrak irabazi du 2023ko Sokamuturra argazki lehiaketako sari nagusia Azpeitiko arriskua argazkiarekin. Sokamuturreko irudien lehiaketako bigarren saria Angel Olabarriak eskuratu du Nik pasau behar diat argazkiarekin, hirugarrena Iñaki Etxenagusiak Rekortie irudiarekin, laugarrena Juan Mari Ibarzabalek Dotore argazkiarekin eta bosgarrena Iñigo Olartek Hanka jokuek argazkiarekin. Karnabal giroko argazki onenaren Altzarte saria, berriz, Juan Carlos del Pozok eskuratu du.
Urtero bezala, gaurko ekitaldian ere gogoan izan dituzte Imanol Elias zena nahiz elkarteko kide izandako Iñaki Joaristi Altzarte, eta lore sorta bana jaso dute haien alargunek.
Guztira, ehundik gora argazki
Aurten, guztira, 126 argazki aurkeztu dituzte lehiaketara, eta horiek guztiak ikusgai daude Betharrameko aretoan. Argazki elkarteko kideek jakinarazi dutenez, guztira, 21 lagunek parte hartu dute lehiaketetan, eta horietatik hemeretzi gizonezkoak izan dira, eta bi emakumezkoak. Era berean, aurkeztutako argazkietatik 97 zuri-beltzean aurkeztu dituzte eta 29 koloretan.
Gaurtik apirilaren 16ra arte izango da zabalik erakusketa, honako ordutegi honetan: astegunetan, 18:00etatik 20:00etara, eta asteburuetan, 12:00etatik 14:00etara.