Uztarriako harpideek aurten ere onura izango dute errenta aitorpenean

Erredakzioa 2023ko mar. 27a, 12:31

Urolako Komunikazio Taldeko (UKTko) hedabideak lehentasunezko jardueretan sartu ditu aldundiak aurten ere, ondorioz harpideek %30eko hobaria izango dute errenta aitorpenean; bazkideek ez dute agiririk aurkeztu behar, automatikoki egingo dira izapideak.

Gipuzkoako Foru Aldundiak interes orokorreko xedeen esparruan lehentasunezkotzat jotzen diren jardueren zerrenda bat egiten du ekitaldi bakoitzeko, entitate onuradunak zein diren eta jarduera horiei zer beharkizun eta baldintza bete behar dituzten zehaztuta. Euskararen esparruko lehentasunezko jardueretan herri eta eskualde mailako euskarazko hedabideak zehazten dira. Horiek horrela, UKT-k kooperatibako hedabideak lehentasunezko jarduera izendatzeko pausoak eman zituen eta horiek onartuak izan ziren. Ondorioz, Maxixatzen, Uztarria, Baleike, Karkara, eta Urola Kostako Hitza lehentasunezko mezenasgo jardueretan sartu dira.

Beraz, Maxixatzen, Uztarria, Baleike, Karkara, eta Urola Kostako Hitzako harpidedunek, 2022. ekitaldian egindako ekarpenaren araberako onura fiskal bat jasoko dute aurtengo errenta aitorpenean.

Hau da, tokiko hedabideetako harpideek 40 euroko ekarpena egin zuten, eta horren %30a bueltatuko dio Ogasunak aurtengo errentan. Urola Kostako Hitzaren kasuan ere berdin, harpideek 79 euroren %30a jasoko dute. Bazkideek ez dute inongo izapiderik egin beharko, automatikoki egingo baitira izapideak.

Bazkideren batek informazio gehiago beharko balu, UKTko bezero arretarekin harremanetan jarri behar du (bazkide@ukt.eus postara mezua bidaliz edo 943-81 38 41 telefono zenbakira deituz).

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide