Koloneko minbiziaren prebentzioaren inguruko jardunaldi mediko gastronomikoa egin dute Elikagunean

Maialen Etxaniz 2023ko mar. 28a, 10:32

Martxoaren 31ean Koloneko Minbiziaren Aurkako Nazioarteko Eguna dela eta, koloneko minbiziaren prebentzioaren inguruko jardunaldi mediko gastronomikoa egin zuten atzo Elikagunean. Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteak sustatutako ekimena izan zen, eta hainbat herritar bertaratu zen saiora.  

Martxoaren 31n Koloneko Minbiziaren Aurkako Eguna da. Egun horri lotuta, topaketa mediko gastronomikoa egin zuten atzo, astelehena, Elikagunean. Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteak antolatu zuen egitasmoa, eta bertan parte hartu zuten hainbat arlotako profesionalek. Elikaguneko sukaldari Xabi Izagirrek topaketara joan ziren guztientzako menu osasuntsua prestatu zuen  Laura Mongelos Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteko psikologoak gidatuko zuen saioa eta Zumarragako Ospitaleko Digestio Zerbitzuaren buru den Ainara Iriartek azalpenak eskaini zituen. 

Antolatzaileen hitzetan, atzoko ekimenaren helburua zen "koloneko minbizia gizonei bakarrik eragiten dien gaixotasuna dela desmitifikatzea, gaixotasun horren kausa saihesgarriak ezagutzea eta gure osasunaz arduratzea".

Koloneko minbizia datutan

Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkartearen 2022ko minbiziaren behatokiaren arabera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan diagnostikatutako minbizi mota gehienak kolon ondestekoak –%14,54–, prostatakoak –%12,44– eta bularrekoak –%11,59– izan ziren.

Elkartearen arabera, ikerketa eta prebentzioa "ezinbestekoak" dira minbizia sendatzeko. Horregatik, elikadura orekatua izatea, tabakoa eta alkohola bezalako toxikorik ez hartzea eta ariketa fisikoa egitea nabarmendu ditu, patologia horren kontrako "prebentzio faktoreak" direlako.

(Argazkiak: Elikagunea)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide