Amamak, gurasoak, anai-arrebak, lehengusuak, bizikideak... Familia eta harreman mota desberdinak, talde txikiak zein jendetsuak, eta multzo horietako kide bakoitza musika tresna bat eskuetan. Osagai horiek guztiak eta gehiago izan zituen atzo arratsaldeko Kontzertua familian emanaldi bereziak.
Juan Antxietakoek antolatuta, musika eskolaren 40. urteurreneko ekitaldien eta Urdinduz egitasmoaren barruan eskaini zuten saioa Sanagustin kulturgunean. Guztira, hamabost talde igaro ziren Sanagustingo arkupeko oholtza txikitik, guztiak elkarren arteko familia edo komunitate kidetasunen bat zutenak. Agertokiaren aurrekaldean aritu ziren lehendabiziko bi taldeak. San Martin egoitzako eta Antxieta Etxeko Atzegiren egoiliarrak lehendabizi, eta Gautenaren Azpeitiko etxeetako egoiliarrak bestetik, Felipe Murillo musika eskolako irakaslearekin batera aritu ziren musikariak.