Gazteek kultura nola sortzen eta garatzen duten aztertuko dute Dinamoan

Aitziber Arzallus 2023ko mar. 31a, 09:00

K Bulegoak antolatutako eta Ixi Garciak bideratutako saio irekia izango da, eta gazteei emango diete hitza beraien susmoak, beharrak eta desioak parteka ditzaten. Apirilaren 4an izango da saioa, 17:00etan hasita, eta dagoeneko izena eman daiteke Kulturaz.eus webgunean.

Datorren asteartean, apirilak 4, belaunaldi berriek kultura nola sortzen eta garatzen duten aztertuko dute, K bulegoak antolatuta Dinamoan egingo duten saio irekian. Hain zuzen ere, K bulegoak Gipuzkoako kultur arloko eragileekin aurten antolatzen duen hirugarren saioa izango da.

Gaur egun gazteek beste modu batzuk dituzte sortu eta kultura ekimenak garatzeko. Bitarteko desberdinak, kode, lengoaia eta formula bereziak darabiltzate, besteak beste ikerketa, sorkuntza, elkarlanak, komunikazioa eta finantzaketa lanei aurre egite aldera. Eta astearteko saioan gazte horiei eman nahi diete hitza beraien susmoak, beharrak eta desioak parteka ditzaten.

17:00etan hasiko da saioa eta bi orduko iraupena izango du, eta parte hartu nahi dutenek dagoeneko eman dezakete izena Kulturaz kooperatibaren webgunean edo honako formularioa beteta. Ixiar Garcia K bulegoko lantaldeko kideak erraztuko du saio irekia euskaraz.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide