Baigeraren bulegoak astean bitan zabalduko dituzte aurrerantzean

Julene Frantzesena 2023ko mar. 31a, 09:30

Kaleko Baigeraren kanpoaldea.

Herenegun egindako batzarrean onartu zuten bazkideek lau egunetan beharrean bulegoa bitan zabaltzea. Apiriletik aurrera astearteetan eta asteazkenetan izango da irekita. Bestalde, apirilaren 20rako Lizarrara eta Iratxera irteera antolatu du Baigerak.

Baigera jubilatuen eta pentsiodunen elkarteak herenegun, asteazkenarekin, egin zuen Batzar Orokorra, eta han hitz egin zuten gaietako bat izan zen Baigeraren bulegoen funtzionamendua. Hain zuzen ere, herenegungo bilkuran erabaki zuten bulegoa astean bitan zabaltzea aurrerantzean, maiztasun hori izatea "nahikoa" dela uste dutelako.

Oraintsu arte astean lau egunez irekitzen zuten bulegoa elkarteko kideek, baina horietatik bi egun batzordeko lanak egiteko baliatzen zituztela azaldu dute Baigerako kideek. Horregatik, batzarrean proposatu zuten batzordekideek bulegoa astean bitan irekitzea, eta bazkideek aho batez onartu zen proposamena.

Horrenbestez, apiriletik aurrera, astearteetan eta asteazkenetan izango dira zabalik bulegoak herritarrentzat, ohiko moduan, 10:30etik 12:30era. Dena den, norbaitek arazorik balu 943-81 51 71 telefonora dei dezakela jakinarazi du Baigerak.

Lizarrara irteera

Bestalde, apirilaren 20rako Lizarrara eta Iratxera (Nafarroa) irteera antolatu du Baigerak. Egun horretan, 08:30ean aterako da autobusa San Martin egoitzaren paretik, eta txangoko parte hartzaileak Iratxera joango dira aurrena. Han, Iratxe jatetxean, hamaiketakoa egingo dute, eta ondoren Iratxeko baseliza bisitatu. Gero, Lizarrako azokara joango dira, eta bazkaria Iratxeko jatetxean egingo dute, 14:00etan.

Dagoeneko zabalik da irteerarako izena emateko epea. Apirilaren 17ra arte izango da horretarako aukera Baigeraren bulegoan, eta herritarrek 35 euro ordaindu beharko dute txangoan parte hartzeko.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide