Murala inauguratuta, dena prest Urdinduz Egunerako

Mireia Galarza, Urtzi Oteiza eta Mailo Oiarzabal 2023ko mar. 31a, 17:28

Iñigo Bordak Urola kalean margotu duen mural handia inauguratu zuen atzo Marea Urdinak, besteak beste artista bera eta udal ordezkariak han zirela, igandean herrian ospatuko den Urdinduz Egunaren bezperetan. Autismoa bistaratzeko egitasmoa da Urdinduz, baina murala aniztasun funtzionala duten pertsona guztien inklusioaren aldeko ikurra dela nabarmendu dute sustatzaileek.

Marea Urdinako kideak, Gautenako ordezkariak eta Azpeitiko Udalekoak elkartu ziren atzo, besteak beste, Iñigo Borda artista azpeitiarrak Urola kalean egin duen muralaren inaugurazio ekitaldian. Loiola 91 eraikinean, Zapo Txokoren garai bateko egoitzaren horman margotu du Bordak Marea Urdinak Urdinduz egitasmorako eskatutako lana.

Murala gauzatzeko prozesuan parte hartu duten eragileetako ordezkariak zein egilea bera pozik azaldu ziren emaitzarekin. Autismoa bistaratzeko egitasmoa da Urdinduz, baina murala aniztasun funtzionala duten pertsona guztien inklusioaren alde "betirako hor" geldituko den ikurra dela nabarmendu dute sustatzaileek.

Asteburu urdina aurretik

Hain zuzen ere, Urdinduz egitasmoa borobilduz, igandean ospatuko da Azpeitian aurtengo Urdinduz Eguna. Igandean ez ezik, bihar ere izango dira zenbait hitzordu, eta astebururako prestatu dituzten ekitaldietan parte hartzeko deia egin zuten atzo antolatzaileek. Hau da asteburuko egitaraua:

 

  • Bihar, larunbata.
    -I. Urdinduz Igeriketa Saria jokatuko dute. Aurrena, federatugabeek egingo dute igeri, eta gero, federatuek. 09:00etan hasita, Azpeitiko igerilekuan.
    -Eneko magoaren Tilin-tilin magia ikuskizuna. 17:00etan, Sanagustinen.
    -Bertso saioa. 22:00etan, Sanagustinen. Onintza Enbeita, Andoni Egaña, Amets Arzallus, Oihana Iguaran eta Beñat Gaztelumendi bertsolariek Maite Aizpurua gai jartzailearen esanetara abestuko dute.
  • Etzi, igandea. Urdinduz Eguna.
    -11:00etan, Marea Urdinako kideek 1.000 kamiseta urdin banatuko dituzte Loiolan.
    -11:30ean hasita, Loiolatik Azpeitiko plazara ibilaldi urdina egingo dute erraldoiek, trikitilariek eta ttuntturruek lagunduta.
    -Plazan, aurpegia margotzeko gunea, puzgarriak, jolasak eta abar egongo dira umeentzat, eta jan-edanik eta musikarik ez da faltako.
    -Azoka Plazan lasai egoteko gunea egokituko dute.

 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide