Marea bat, urdin kolorekoa

Julene Frantzesena (Gipuzkoako Hitza) 2023ko mar. 31a, 11:32

Urdinduz Eguna Zarautzen ospatu zuteneko irudi bat. (Aiora LarraƱaga)

Urdinduz Eguna ospatuko dute igandean Azpeitian. Autismoaren errealitatea ikusarazteko ibilaldi bat egingo dute. Egitasmo horren bueltan askotariko ekitaldiak antolatu dituzte. Gipuzkoako Hitza astekariaren gaurko zenbakian argitaratutako erreportajea da honako hau.

Autismoak milaka aurpegi ditu, baina kolore bakarra: urdina. Hain zuzen ere, urdinez koloreztatuko dute Azpeitia igandean. Izan ere, herritarrak autismoaz kontzientziatzeko Urdinduz egitasmoaren aurtengo edizioa Gipuzkoako herri horretan egingo dute. Oinezkoen martxa da Urdinduz-en oinarria, baina, martxa bukatzean, beste hamaika ekitaldi izango dira igandean Azpeitian.

Gautena autismoaren espektroko nahastea duten pertsonen senideen elkarteak eta Marea Urdina aniztasun funtzionala duten pertsonen inklusioaren aldeko elkarteak antolatu dute etziko hitzordua, 2017an adostu zuten moduan. Ordurako egina zuten Azpeitian Gautenaren eguneko zentroa eta etxebizitzak zabaltzeko proiektua, baina horixe, proiektua baino ez zen artean. Bi elkarteek orduan hitzartu zuten zerbitzuok martxan jartzean Azpeitian egingo zutela Urdinduz Eguna. 2021ean zabaldu zuten azpiegitura, eta horrek izan duen harrera "eskertzeko modua" da Urdinduz Eguna Azpeitian egitea, Ibai Zulaika Gautenako komunikazio arduradunaren arabera. "Herrian gero eta presentzia handiagoa dugu, eta hori izan da Azpeitia aukeratzeko arrazoi nagusia. Marea Urdinak ere eragin du, ordea; ideia bikaina iruditu zitzaigun elkarte horrekin elkarlanean aritzea".

Zulaikaren arabera, "festa eta aldarrikapen eguna" izango da igandekoa. Izan ere, autismoarekin bizitzeak "zailtasunak" badituela onartu du Gautenako kideak. "Autismoa duten pertsonei eta haien familiei ahotsa eman nahi diegu, horiek laguntza behar baitute beren bizi kalitatea ahalik eta onena izan dadin". Aritz Orbegozo Marea Urdinako kideak ere ildo beretik hitz egin du prestatzen aritu diren autismoa duten pertsonen aldeko sentsibilizazio egunaz: "Ikusten ez dena ez da existitzen, eta, ikusten ez den hori aparte lagatzeko joera izaten dugunez, autismoaren errealitatea zein den ikusaraziko dugu. Izan ere, autismoa duten pertsonak ere gizartearen parte dira; herritarrak dira, eta herrian bizi nahi dute". Horri tiraka, Orbegozoren ustez, pauso garrantzitsua izan da Gautenak Azpeitian azpiegitura zabaltzea.

 

Jarraitu irakurtzen Gipuzkoako Hitzaren webgunean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide