11:30ean itxiko dute Loiolako Inazioren hiribidea, Urdinduz Egunaren martxarako

Mailo Oiarzabal 2023ko api. 2a, 08:58

Ordu horretan hasiko da Loiola eta herriko plaza lotuko dituen ibilaldia. Aurretik, mila kamiseta urdin banatuko dituzte antolatzaileek Loiolan, martxan parte hartuko dutenen artean. Euria dela eta, puzgarriak Izarraitz pilotalekuan jarriko dituzte, eta beste ekitaldiak Azoka Plazan izango dira.

Gaur, apirilaren 2a, Autismoaren Nazioarteko Eguna da, eta Azpeitiak hartuko du Gautena Autismoaren Espektroko Nahastea duten pertsonen Gipuzkoako senideen elkarteak urtero herriz herri antolatzen duen Urdinduz Eguna.

Marea Urdinarekin batera antolatu du Gautenak Azpeitian Urdinduz, eta aurreko urteetan beste herri batzuetan egin duten gisara, oinezko martxa izango da autismoa bistaratzeko egitasmoaren ardatza. Loiolan hasi eta herriko plazan bukatuko da martxa hori; Loiolako Inazioren hiribide osoa zeharkatuko dute parte hartzaileek 1.800 metroko ibilaldian, eta Arana kalea, Bustinzuriko Errebala eta Goikokale igaroko dituzte, plazako helmugara iritsi aurretik.

Hain zuzen ere, Urdinduz Egunaren martxa dela eta, Loiolako Inazioren hiribidean trafikoa moztuko dute 11:30ean. Bestetik, martxa hasi aurretik, antolatzaileek mila kamiseta urdin banatuko dituzte ekimenean parte hartuko dutenen artean.

Martxa bukatutakoan, festa giroan borobilduko dute Urdinduz Eguna eguerdi partean, umeentzako jolasekin, jan-edanarekin eta musikarekin. Baina eguraldiak azken orduko aldaketak eragingo ditu egitarauan. Plazan egitekoa zuten festa osoa, baina euria dela eta, puzgarriak Izarraitz pilotalekuan jarriko dituzte; gainerako ekintzak, berriz, Azoka Plazan egingo dituzte.

Igeriketa, magia eta bertsoak

Gaurkoaren bukatuko dira azken egunetan eta bereziki azken astean ekintzak kateatu dituen Urdinduz egitasmoa.

Atzo bertan, Urdinduz Egunaren bezperan, hiru hitzordu izan ziren egitasmoaren barruan. Goizean, Udal Igerilekuan, I. Urdinduz Igeriketa Sarian lehiatu ziren aniztasun funtzionala duten federatutako nahiz federatu gabeko igerilariak; Igeriketa Egokituko Euskal Ligaren lehen jardunaldia osatu zuten, hain zuzen, federatuek. Arratsaldean, berriz, Eneko magoak ikuskizuna eskaini zuen Sanagustin kulturgunean. Eta oholtza berean, gauean, Onintza Enbeita, Andoni Egaña, Amets Arzallus, Oihana Iguaran eta Beñat Gaztelumendi bertsotan aritu ziren.

Atzoko hiru ekitaldien argazkiak ikusgai daude goiko bilduman. Marea Urdinak utzitakoak dira igeriketa eta magia saioetako irudiak, eta Alberto Belokirenak, bertso saiokoak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide