Jendetzak egin du bat Urdinduz Egunarekin

Mailo Oiarzabal 2023ko api. 2a, 15:30

Milatik gora lagunek osatu dute, eguraldi petralati aurre eginez eta festa giroan, autismoa bistaratzeko martxaren Loiolatik herriko plazarainoko bidea. Horietako askok jarraitu dute festa giroan, antolatzaileek Azoka Plazan eta Izarraitz pilotalekuan prestatutako guneetan.

Arrakastatsua eta oso jendetsua izan da 2023ko Urdinduz Eguna. Azpeitiak hartu du aurten Gautena Autismoaren Espektroko Nahastea duten pertsonen Gipuzkoako senideen elkarteak urtero herriz herri Autismoaren Nazioarteko Egunaren bueltan antolatzen duen egitasmoa, eta harrera beroa izan du Gautenakoek Marea Urdinarekin elkarlanean antolatutako hitzorduak.

11:30ean jarria zuten Loiolako Santutegiaren zabalgunean zinta moztu eta plazarainoko 1.800 metroko ibilaldia hasteko ordua. Goiz osoan ia etengabe eta gogoz bota du euria, giro petrala egin du benetan. Hala ere, eguraldi txarrari aurre egitea erabaki dute ehunka lagunek, eta pixkanaka-pixkanaka betetzen joan da basilika ataria. Eta, hara non, zeruan urdinguneekin eta eguzki izpi eta guzti abiatu da festa eta aldarrikapena uztartu dituen eguneko ekitaldi nagusia. Antolatzaileek eta dozenaka boluntariok mila kamiseta urdin banatu dituzte hasi aurretik, eta horiekin batera, paperezko txoritxo urdinak ere bai. Txoritxo horiek kurriloak dira, eta desio bat eskatzeko helburuarekin gauzatu zituzten Iraurgi Ikastetxeko ikasleek. Izan ere, Japoniako kondaira batek dioenez, mila kurrilo eginez gero, desioak egi bilakatzen dira, eta beren desioa honako hau izan da: "Hezkuntza urdinduz, mundua urdintzea". Aurreko egunetatik herriko leiho, balkoi eta erakusleiho asko urdinduta zeuden, eta gaur Loiola eta kaleak urdindu dituzte Urdinduz Egunarekin bat egin dutenek.

Itsasiren ttuntturroek, Azpeitiko, Azkoitiko, Bergarako eta Zarauzko erraldoiek eta buruhandiek, dultzainariek eta trikitilariek ireki dute martxa koloretsua; urdina izan baita nagusi, baina kolore asko batu zaizkio, eguneko helburua betetzeko. Oinezkoen martxaren buruan, pankartaren atzean, Gautenaren erabiltzaileak joan dira, eta haien atzetik jendez osatutako marea urdin luzea. Martxa erdibidean zela euriak ekin dio berriro –plazan ere ireki behar izan dituzte aterkiak une batean–, baina goizeko zaparradekin zerikusirik ez. Plazan, argazki jendetsurako elkartu dira martxaren partaideak; guztiak iritsi bitartean egonaldia egin behar izan dute buruan ailegatu direnek, segizioa luzea zen eta.

Erraldoiek plazan bertan eguneko azken dantza egiten zuten bitartean, Urdinduz Egunean elkartu direnak sakabanatzen joan dira. Asko eta asko Azoka Plazan elkartu dira berriro, mokadu bat egiteko. Aurpegiak margotzeko-eta tartea hartu dute hantxe hainbat umek, eta beste asko elkartu dira Izarraitz pilotalekuan, puzgarrietan jolasteko.

Plazan, oso pozik eta eskertuta hitz egin dute Gautenako eta Marea Urdinako antolatzaileek. Haien adierazpenak eta Urdinduz Egunaren irudiak jasotzen dituen bideoa ikusgai egongo da laster webgune honetan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide