Ibai Angulok irabazi du Kilimon Trail lasterketako proba motza

Ihintza Elustondo 2023ko api. 3a, 09:07

Ibai Angulo, helmugara iristean.

Kilimon Trail mendi lasterketa jokatu zuten larunbatean Mendaron, eta Domusa Teknik Team taldeko korrikalaria nagusitu zen 11 kilometroko distantzian. 53 minutu eta segundo bat behar izan zituen ibilbidea amaitzeko. 

Kilimon Trail mendi lasterketaren hamaikagarren edizioa jokatu zuten larunbatean, Mendaron (Gipuzkoa). Bi distantziatan jokatu zuten lasterketa, 23 kilometroko ibilbidea izan zuen proba luzeak eta 11 kilometrokoa motzak, eta Ibai Angulo urrestildarra nagusitu zen 11 kilometroko distantzian. 600 metroko desnibela zuen ibilbideak, eta Domusa Teknik Team taldeko lasterkariak 53 minutu eta segundo bat behar izan zituen ibilbidea amaitzeko.

450 korrikalari zeuden izena emanda Kilimon Trail lasterketarako: 300 korrikalari luzerako eta 150 motzerako, baina 25 bat gutxiago bertaratu ziren. Eguraldiak ez zuen lagundu; euri zaparrada handiak izan ziren, eta goietan, haizea eta hotza ere egin zituen, bereziki lasterketak iraun zuen denboran, eta gogortu egin zuen horrek korrikalariek egin beharreko lana. Hala ere, maila handiko lasterketa osatu zuten.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide