Lagun Onaken osteguneko partidara bertaratzeko deia egin du klubak

Ihintza Elustondo 2023ko api. 4a, 14:19

Lagun Onakek Urdulizen aurka jokatutako partidaren une bat. (Mailo Oiarzabal)

Jaitsiera postuetan dago Lagun Onaken gizonen talde nagusia, eta ostegunean Paduraren aurka jokatuko duten neurketara bertaratzeko deia egin die klubak herritarrei, "taldea animatzeko". Bazkideei beste sarrera bat emango diete doan. 17:00etan izango da neurketa, Garmendipen.

Lagun Onak klubaren gizonezkoen talde nagusiak partida garrantzitsua jokatuko du ostegunean, apirilak 6. Azpeitiko taldeak Padura hartuko du etxean, 17:00etan, eta Lagun Onak jaisteko arriskuan dagoenez, klubak dei berezia egin die herritarrei. "Bazkideei eta bazkide ez direnei ostegunean Garmendipera joateko deia egiten diegu, taldea anima dezaten", adierazi du zuzendaritzak. Partidaren garrantzia tarteko, eta Garmendipe jendez betetzea nahi dutelako, bazkide txartela erakusten dutenei beste sarrera bat emango diete doan. Bazkideek leihatilara joan beharko dute bigarren sarreraren bila.

Une honetan, 27 punturekin, sailkapeneko hamalaugarren postuan da Lagun Onak; San Ignacio eta Aurrera Vitoria ditu atzetik. Padura, berriz, 11. postuan da, 30 punturekin.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide