Urola eta Ibai Eder ibaiak garbitzen ari da udala

Nerea Uranga 2023ko api. 5a, 09:34

Azpeitian ibaia garbitzen. (Azpeitiko Udala)

Urolan Aldakaitzetik Basabe artekoa garbituko dute, eta Ibai Ederren Azoka Plazatik Antxieta Txikira artekoa.

Aste honetan Urola eta Ibai Eder ibaien hainbat zati garbitzeko lanean hasi da Azpeitiko Udala. Zehazki bi zati garbituko dituzte: Urola ibaian Loiolako Aldakaitz baserriaren paretik Basabe ingurura arteko 3,5 kilometroko ibilbidea, eta Ibai Eder ibaian Azoka Plazatik Antxieta Txikira arteko 4,2 kilometroko ibai zatia. Udalak adierazi du, guztira, zazpi kilometrotik gora garbituko dituela "sakon".

Ibaien garbiketa eskuz egiten dute, eta biltzen dituzten hondakinak Lapatx zabortegira eramaten dituzte, gaika sailkatu ondoren. Oraingo ibai garbiketarako 16.279 euro inbertituko ditu udalak, eta Txukun lorezaintza enpresa arduratuko da ibaiak garbitzeaz.

Udalak gogorarazi du, 202oan hasi zela ibaiak garbitzen, eta urtez urte eremu desberdinetan egin dituela lanak. "Urola ibaiak herria alderik alde zatitzen du, eta presentzia nabarmena du. Beraz, azken urteotan, ibaiari balioa eman eta bera babesteko neurriak hartu ditu udalak", azaldu du erakundeak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide