Ondo beharrezkoak dituen hiru puntu lortu ditu Lagun Onakek

Nerea Uranga 2023ko api. 7a, 10:03

Lagun Onak eta Paduraren arteko partida, atzo Garmendipen. (Nerea Uranga)

Asko sufrituta, baina Lagun Onakek behar-beharrezkoa duen garaipena lortu du Arrigorriagako Paduraren kontra.

Atzo arratsaldean jokatu zen Espainiako gizonezkoen Hirugarren Mailako Lagun Onaken eta Arrigorriagako (Bizkaia) Paduraren arteko partida Garmendipe futbol zelaian. Ondo beharrezko hiru puntu lortu zituen Azpeitiko taldeak, 1 eta 0 irabazita.

Zalantza askorekin jokatuz hasi zuten partida Lagun Onakeko mutilek, baina hamabosgarren minututik aurrera, etxekoek hartu zuten jokoaren pisua.

Atsedenera golik sartu gabe iritsi ziren bi aldeak, eta Azpeitiko taldea jokoan beste martxa bat hartu behar zuenaren sentsazioarekin iritsi zen. Bigarren zatia ere, aurrenekoa bezalaxe hasi zuten, ordea: nahi eta ezinean. Urduritasuna nabarmentzen hasi zen joko zelaian, eta 86. minutuan Manexi egindako penaltia adierazi zuen epaileak. Gorkak Padurako atezaina engainatu, eta gola sartu zuen.

Tentsio handikoak izan ziren futbol partidaren azken minutuak, azkenean, baina, etxekoentzat izan ziren hiru puntuak. Mailari eusteko pauso bakarrera dago Lagun Onak, denboraldia bukatzeko bi partidaren faltan. Hurrengo neurketa Durangoren kontra jokatuko du datorren asteburuan, eta azkenengoa Garmendipen sailkapeneko azken tokian dagoen Aurrera Vitoriaren aurka.

Lagun Onaken eta Paduraren arteko partida, atzo Garmendipen. (Nerea Uranga)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide