Eusko Gudarostearen oroimenerako gune museografikoa ikusgai dago Loiolan

Nerea Uranga 2023ko api. 7a, 11:54

Azpeitiko Udaleko eta Aranzadi zientzia elkartekoak joan den asteartean, Loiolako Eusko Gudarostearen memoriarako gune museografikoan. (Azpeitiko Udala)

Loiolan ikusgai dago dagoeneko memoria historikoa dibulgatzeko eta ezagutarazteko helburuz sortutako Eusko Gudarostearen oroimenerako gune museografikoa. Elkarlanean sortu dute Azpeitiko Udalak eta Aranzadi zientzia elkarteak.

Joan den asteartetik Eusko Gudarostearen oroimenerako gune museografikoa ikusgai dago Loiolan; garai batean oroigarriak saltzeko zen eta hutsik zegoen etxoletako batean jarri dute. Gunea prestatu berritan bertan izan ziren, besteak beste, Nagore Alkorta Azpeitiko alkatea, Juantxo Agirre Aranzadi zientzia elkarteko zuzendari nagusia eta Anartz Ormaza Aranzadiko arkitektoa.

1936ko abuztuan Loiolan bildu ziren aurreneko aldiz euskal miliziak Candido Saseta buru zutela altxamenduari aurre egiteko. Bertan sortu eta gidatu zuen Sasetak Asteasu, Aduna eta Zizurkil arteko defentsa lerroa. Hori ezagutarazteko eta oroitzeko zein Eusko Gudarostearen historia ezagutarazteko helburuz osatu dute proiektua udalak eta Aranzadik.

Memoriaren "erreferentziazko gunea" da Loiolan jarri dutena, Azpeitiko alkatearen arabera: "Proiektu museografiko bisuala eta ulerterraza sortzea izan dugu helburu. Hemendik aurrera, herritarrek zein bisitariek Euskal Herriko Memoria Historikoaren inguruko pasarte garrantzitsu baten berri jasotzeko aukera izango dute, eta Loiolan jarri duguna dibulgaziorako eta oroimenerako erreferentziazko gune bat da".

2014tik elkarlanean

Azpeitiko Udala eta Aranzadi zientzia elkarlanean ari dira 2014. urtetik, eta Loiolan jarri duten gune museografikoa horren baitan egin dute. 1936tik gaur arte Azpeitian eta azpeitiarrei egindako giza eskubide urraketa guztien inguruko ikerketa eginda dute "historiari izen-abizenak jartzeko ahaleginean". Eusko Gudarostearen 80. urteurrenean, Loiolan bertan oroimen ekitaldia egin eta historia biltzeko liburua ere argitaratu zuten.

Aranzadiko zuzendari nagusiak bi erakundeen arteko elkarlana "emankorra" dela nabarmendu zuen Loiolako gune museografikora egindako bisitan: "Urte hauetan guztieetan oroimen historikoari lotutako ikerketak egin ditugu, liburuak argitaratu ditugu, errekonozimendu ekitaldiak egin ditugu… eta historiari eta giza eskubide urraketak jasan dituzten ehunka herritarrei izen-abizenak jarri dizkiegu. Horretaz gain, Euskal Herriaren historian garrantzia duen Eusko Gudarostearen sorrera Azpeitian, Loiolan izan zen, eta horren inguruko lanketa, ikerketa, liburu eta ekitaldiak egin ditugu. Orain, herritar zein bisitariek 1936ko abuztuan Loiolan sortutakoak izandako garrantziaz jabetzeko gunea izango dute ikusgai".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide