Jon Alberdik estreinakoz Buruz Buruko Txapelketa jokatuko du

Nerea Uranga 2023ko api. 7a, 15:01

Buruz Buruko Txapelketaren aurkezpena herenegun; Jon Alberdi eskuinetik hirugarrena da. (Aspe)

Baikoko pilotaria final-zortzirenetan hasiko da jokoan. Astelehenean du partida Peio Etxeberriaren kontra, Tolosan.

Gaur hasiko da Buruz Buruko Pilota Txapelketa Lekeition (Bizkaia), Mikel Urrutikoetxearen eta Aitor Elordiren arteko partidarekin. Txapelketako pilotarien artean izango da aurreneko aldiz Jon Alberdi Baikoko pilotari azpeitiarra: final-zortzirenetan hasiko du txapelketa astelehenean Peio Etxeberriaren kontra jokatuz, Tolosan (Gipuzkoa).

Enpresa bakoitzetik pilotari hauek parte hartuko dute: Aspetik Joseba Ezkurdia, Jokin Altuna, Danel Elezkano, Elordi, Dario Gomez eta Peio Etxeberria ariko dira; Baikotik, berriz, Alberdiz gainera, Unai Laso, Erik Jaka, Iñaki Artola, Aranguren eta Mikel Urrutikoetxea ariko dira. Azpeitiko aurrelariarekin batera, Asier Aranguren izango da txapelketan berritasunetako bat.

Txapelketaren finala ekainaren 4an jokatuko da, Bilbon. Hainbat berritasun ditu aurtengo txapelketak, besteak beste, final-laurdenetan pilotariek bi aste izango dituztela partida batetik bestera. Aurreko alduan, asteburuero partida bat jokatu zuten, eta pilotariak kexu azaldu ziren.

Final-zortzirenetan lau kanporaketa jokatuko dituzte: gaur, Urrutikoetxea-Elordiren artekoa; bihar, Elezkano II.a-Artola; etzi, Dario-Aranguren; eta astelehenean, Peio Etxeberria-Alberdi. Final-laurdenetako ligaxkako bi partida ere erabakita daude: Ezkurdia-Jakak hilaren 16ean jokatuko dute, eta Lasok eta Altunak, apirilaren 23an.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide