Hainbat proiektu gauzatu ahal izateko, aurtengo udal aurrekontuan kreditua txertatzea erabaki du udalak

Nerea Uranga 2023ko api. 8a, 16:37

Sanjuandegin skate parkea zena.

Apirileko udalbatzarrean aho batez hartutako erabakia da. Besteak beste, Sistiaga Errekako bideko obra, jolas parkeak berritzea, Sanjuandegiko skate parkea zena urbanizatzea eta Juan Antxieta musika eskolaren egoitza berria dira proiektuetako batzuk.

Azken udalbatzarrean, apirilekoan, 2023an hainbat proiektu gauzatu ahal izateko bi kreditu aldaketa onartzea erabaki zuten aho batez udal ordezkariek. Iaz adjudikatuta, baina oraindik bukatu gabe edota obrak hasteko dauden hainbat proiektu bukatzeko kreditua aurtengo udal aurrekontuei txertatzea da erabaki zutena. Horrez gainera, proiektu berriak egin ahal izateko partida berriak sortzea ere erabaki zuten.

Udalak azaldu duenez kreditu aldaketan jasotako proiektu nagusienak honako hauek dira: Sistiaga Errekako bidea konpontzeko obra (420.000 euro), jolas lekuak berritzea eta konpontzea (150.000 euro), Sanjuandegiko skate parkea zena berriro urbanizatzea (420.000 euro), Arana Goikoako irisgarritasuna hobetzeko lanak (270.000 euro) eta Soreasun Juan Antxieta musika eskolarentzako egiten ari diren obra (milioi bat euro).

Proiektu berri batzuk egin ahal izateko, aurrekontuan partida berriak sortzea ere erabaki zuten apirileko udalbatzarrean. Horien artean daude, besteak beste, Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegaraiko jolastokia eraldatzea eta estaltzea (320.000 euro) eskaladarako lokalean bigarren fasea gauzatzea (160.000 euro), kale garbigailu berria erostea (25.000 euro), Oktogonoa eraistea (125.000 euro) eta herriko merkataritza txikia sustatzeko Azpeitian Bai proiektua gauzatzea (292.000 euro).

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide