Julen Egigurenek Promozio mailako Buruz Burukoan aritzeko txartela lortu du

Mailo Oiarzabal 2023ko api. 10a, 11:56

Julen Egiguren, artxiboko irudian.

Azpeitiarrak 22-18 gainditu zuen Arbizu atzo Ezcarayn jokatutako aurrekanporaketan. Gaur, berriz, Buruz Buruko Txapelketa Nagusiaren final zortzirenetakoa jokatuko du Jon Alberdik Tolosan, Peio Etxeberriaren kontra.

Esku pilotako Promozio mailako Buruz Burukoa jokatuko du aurten ere Julen Egigurenek. Aurrelari azpeitiarrak atzo lortu zuen txapelketaren koadro nagusirako sarbidea. Ezcarayn (Errioxa, Espainia), Aspe enpresaren pilotarien arteko lehen aurrekanporaketan, 22-18 irabazi zion Egigurenek Gaskueren ordez jokatu zuen Aaron Arbizu debutari nafarrari.

Gaur, berriz, Jon Alberdiren txanda izango da. Baikoko aurrelari azpeitiarrak Buruz Buruko Txapelketa Nagusiaren final zortzirenetako partida jokatuko du arratsaldean Tolosan (Gipuzkoa), Peio Etxeberria nafarraren kontra. Gaurko partidaren irabazleak egingo du aurrera txapelketan, eta Darioren kontra jokatuko du hurrengo partida, ostiral honetan, Azkoitian.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide