Lagrimas de Sangre, Odei eta ETS igoko dira etzi eta igandean Sanagustingo oholtzara

Mailo Oiarzabal 2023ko api. 13a, 16:26

Lagrimas de Sangre taldea.

Rap kontzertu bikoitza izango da zapatu gauean kulturgunean. Igandean, berriz, En Tol Sarmientok bigarren emanaldia egingo du martxoaren 24an sarrerak agortuta bete zuen agertoki berean.

Bi kontzertu gaurekin agurtuko dute Sanagustin kulturgunean Aste Santuko eta Pazko Asteko opor aroa.

Zapatuan, 22:30ean hasita, drill eta rap doinuak izango dira nagusi Sanagustinen, Lagrimas de Sangre Bartzelonako taldearen eta Odei Barroso urruñarraren eskutik. Igandean, berriz, En Tol Sarmiento (ETS) Arabako taldea igoko da kulturguneko oholtzara, 18:30ean, duela hiru aste goraino bete zuen areto berea berriro ikus-entzulez betetzeko erronkarekin; sarrerak agortuta, leporaino bete zen Sanagustin martxoaren 24an, ETSkoen Azpeitiko aurreko kontzertuan.

Asteburu honetako kontzertuetarako sarrerak salgai daude Kulturazen webgunean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide