Lagun Onaken gizonek galdu egin dute Durangon

Andoni Elduaien 2023ko api. 17a, 11:03

Lehia estua jokatu zuten bi taldeek Durangon. (Luis Iturrioz)

Lehen zatiaren erdia bete aurretik egin zuten neurketako gol bakarra durangarrek. Azken jardunaldian nahikoa izango du partida irabaztea mailari eusteko. Berdinduta edo galduta, berriz, Touring taldearen emaitzaren zain egon beharko du taldeak.

Lagun Onaken gizonen taldeak maila galtzeko arriskuan jarraitzen du oraindik ere. Atzo, igandea, 1 eta 0 galdu zuen taldeak Cultural Durango taldearen aurka, Durangoko (Bizkaia) Tabira futbol zelaian. 25. minutuan jaso zuen neurketako gola Lagun Onakek, eta ondorengo minutuetan ez zuen lehia berdintzerik lortu.

Maila eustea izango du jokoan Ander Avellaneda entrenatzaileak zuzentzen duen taldeak liga txapelketaren azken jardunaldian. Padura (31 puntu), Lagun Onak (30 puntu) eta Touring (29 puntu) taldeen artean erabakiko dute azken hirugarren postua norentzat izango den. Sailkapeneko azken hirugarren taldea Bigarren RFEF mailako euskal taldeen eskuetan geldituko da; izan ere, maila horretan euskal talderen batek maila galtzen baldin badu, Hirugarren Mailako azken hirugarrenak ere maila galduko du. Gaur-gaurkoz, Beasain taldea dago arrisku horretan Bigarren RFEF mailan.

Larunbatean, apirilak 22, 18:00etan jokatuko dituzte Espainiako Hirugarren Mailako laugarren multzoko partida guztiak. Lagun Onakek Aurrera Vitoria izango du aurkari Garmendipe zelaian, sailkapeneko azkena. Urduliz taldearen zelaian jokatuko du Touring taldeak, eta Vitoriaren etxean Padurak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide