Udal Liburutegiak hainbat ekintza antolatu ditu Liburuaren Nazioarteko Egunarekin lotuta

Nerea Uranga 2023ko api. 19a, 09:10

Ipuin kontaketa saio bat Azpeitiko Udal Liburutegian.

Astelehenean hasi zituzten Liburuaren Egunaren bueltan antolatutako ekitaldiak, eta maiatzaren 5era artean askotariko ekintzak egingo dituzte: ipuin kontaketak, irakurketak, literatura solasaldiak eta magia ikuskizunak, besteak beste.

Apirilaren 23 Liburuaren Nazioarteko Eguna da, horri lotuta askotariko ekintzak antolatu ditu Azpeitiko Udal Liburutegiak. Adin desberdinetako haurrekin egingo dituzte ipuin kontaketak, irakurketak, eskulan tailerrak, literatura solasaldiak edota magia ikuskizuna. Ekintza denak Udal Liburutegian bertan izango dira, eta horietan parte hartzeko aurrez izena eman beharko da liburutegian, 943-15 71 95 telefono zenbakian edota Whatsappez mezua bidalita 688 81 55 06 telefono zenbakira.

Joan den astelehenean hasi zituzten prestatutako ekintzak Haur Hezkuntza 4. mailako haurrentzako ipuin kontaketarekin, Prospero Teatro aritu zen ipuin kontalari. Maiatzaren 5era artean antolatu dituzte saioak.

Egitaraua:

  •  Apirilak 19, asteazkena. Irakurleen Txokoa (LH4-LH5). Piztipoemak eta xomorropoemak landuko dituzte. 17:30etik aurrera, liburutegian.
  • Apirilak 20, osteguna. Irakurketa erraza, Goienetxe Fundaziokoekin. 11:00etan, liburutegian.
  • Apirilak 20, osteguna. Irakurleen Txokoa (LH3). Piztipoemak eta xomorropoemak landuko dituzte. 17:30ean, liburutegian.
  • Apirilak 24, astelehena. Eskulan tailerra (HH5). 17:30ean, liburutegian.
  • Apirilak 25, asteartea. Ipuin kontaketa saioa, HH5eko haurrentzat. Pello Añorga ariko da ipuin kontalari. 17:30ean, liburutegian.
  • Apirilak 27, osteguna. Irakurleen Txokoa (LH6-DBH1). Barruko ahotsak landuko dituzte. 17:30ean, liburutegian.
  • Maiatzak 2, asteartea. Literatura solasaldia Faith Lander Garroren eleberriari buruz. 17:30ean, liburutegian.
  • Maiatzak 3, asteazkena. Ipuin kontaketa (LH1-LH2). Mireia Delgado kontalariarekin. 17:30ean, liburutegian.
  • Maiatzak 5, ostirala. Julen magoarekin magia ikuskizuna. 17:30ean, liburutegian.

 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide