'Badon*' opera garaikidea 23. Korrikaren kultur ekitaldi nagusia aurkeztu dute Azpeitian

Nerea Uranga 2023ko api. 18a, 16:13

Xanti Agirrezabala, Ane Elordi, Ane Abarrategi eta Ines Osinaga, gaur Dinamoko aurkezpen ekitaldian.

Gaur aurkeztu dute kultur egitasmoa Azpeitian, Dinamoa sormen gunean. Badon* proiektuak Korrika-AEK Kultur Sorkuntzarako I. Beka irabazi zuen, eta kideetako bat Xanti Agirrezabala aktore azpeitiarra da. Horrez gain, gaurko agerraldian Bekaren II. edizioaren oinarriak ere aurkeztu dituzte.

23. Korrikak ekarriko duen berrikuntzetako bat kultur lan baten ekoizpena izango da, Korrika Kulturalaren barruan eskainiko dutena. Horretarako, Korrika-AEK Kultur Sorkuntzarako I. Beka jarri zuten abian, eta beka hori irabazi zuen Badon* egitasmoa aurkeztu dute gaur, Azpeitiko Dinamoa sormen gunean. Ane Elordi Korrikaren koordinatzaileak azaldu duenez, Korrikak "euskal kulturaren sustapena" ere badu helburu, "betiere euskararen berreskurapena eta normalizazioa lortzeko asmoz". Hala, sorkuntzarako bekari esker, AEK-k  Euskal Herriari "kalitate handiko kultur eskaintza" egin ahal izango diola azpimarratu du Elordik.

Badon*  "opera garaikidea" dela azaldu du Ines Osinaga obraren sustatzaileak gaur Dinamoan egindako agerraldian: "Hausnarketa-ikerketa-sorkuntza prozesu kolektibo eta kolektibizatu baten emaitza da Badon*, eta sinergiak eta diziplina arteko zubiak eraikiko ditu". Sorkuntza prozesua bi zatitan banatu dutela azaldu du Osinagak: "Espekulazio fasea eta prototipazio fasea".

Kultur Sorkuntzarako Beka jaso zuen obraren sorkuntza prozesuaren aurreneko fasea (espekulazio fasea) Ane Abarrategi Tipi Kooperatibakoak azaldu du. EKEFIT taldea osatu eta hamabost pertsona inguru elkartuta jarri zuten martxan prozesua, "ariketa utopiko bat eginez": "2070. urtera bidaiatu dugu. Ibilbide zoro horretan, hainbat ideia, sinbologia... atera dira, eta horiekin proiektuari forma ematen hasi ginen". Hiru topaketa egin dituzte bide horretan, Araban, Nafarroan eta Lapurdin bana.

Xanti Agirrezabala aktore azpeitiarrak azaldu du Badon* obraren sorkuntza eta prototipazioaren fasea. "Opera garaikide posdramatikoa" dela esan du, diziplinarteko ikuskizuna dela: dramaturgiaz gainera, argia, bideoa, zuzeneko musika, mugimendua, literatura nahiz bertsoak bilduko ditu Badon* obrak. Orain, sortze egonaldiak hasiko dituzte Euskal Herriko hainbat gunetan; tartean, Azpeitiko Dinamoan egingo dute egonaldi bat.

Badon* opera garaikidea Euskal Herri osoan zehar azarotik aurrera izango dela ikusgai aurrera dute, 23. Korrika aurkeztu eta gutxira.

Kultur Sorkuntzarako II. Bekarako lanak aurkezteko epea, irekita

Gaur Azpeitian egin duten agerraldian, I. Bekaren emaitza azaltzearekin batera, Kultur Sorkuntzarako II. Bekarako lanak aurkezteko deialdia ireki dutela jakinarazi du Elordik. Sorkuntza bekaren deialdian parte hartzeko dokumentazioa urriaren 31rako aurkeztu beharko dute interesatuek. Dokumentazioa ekitaldiak@korrika.eus helbide elektronikora bidali beharko da. Euskal sortzaile guztientzako izango da, eta diziplina asko edota bakarra barnebil ditzake, eta lanaren emanaldiek agertoki edo plaza batean aurkezteko modukoak izan beharko dute. Bekaren inguruko oinarrien informazio guztia hemen eskuratu daiteke.

Beka 23.000 eurokoa izango da, eta 24. Korrika Kulturaleko egitarauaren barruan aurkeztuko da, 2025eko azarotik 2026ko apirilera bitartean, hain zuzen.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide