Larraul eta Deba dira Azpeitiaren Herriarteko Txapelketako lehen aurkariak

Andoni Elduaien 2023ko api. 19a, 09:27

Egiguren, iaz Tolosaren aurka jokatutako kanporaketan. (Mailo Oiarzabal)

Ilunpe elkarteko eskuzko pilotariek Larraulen aurka aritu beharko dute 2023ko Herriarteko Txapelketaren lehen kanporaketan. Aldiz, palistek Deba izango dute aurkari. Maiatzeko bigarren asteburuan ekingo diote biek txapelketari.

Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak atzo, asteartez, egin zuen 2023. urteko Gipuzkoako Herriarteko Txapelketaren zozketa, Donostian. Azpeitiak eskuzko eta pala txapelketetan parte hartuko du aurten ere, eta atzoko zozketak erabaki zuen eskuzkoan Larraul izango dutela arerio. Pala txapelketan, berriz, Deba izango dute kontrario.

Eskuzko eta palako taldeek maiatzeko bigarren asteburuan (maiatzak 12, 13 edo 14) hasiko dute txapelketa. Eskuzko taldeak etxetik kanpo hasiko du kanporaketa, eta pala motzeko taldeak etxean. Itzulerako partidak, bestalde, etxean izango dituzte maiatzeko hirugarren asteburuan (maiatzak 19, 20 edo 21).

Azpeitiak zortzi aldiz irabazi du eskuzko Gipuzkoako Herriarteko Txapelketa. Ohi bezala, kadete, gazte eta senior mailako partidak jokatuko dituzte eskuzko txapelketan, hiru etxetik kanpo eta beste hiru etxean. Larraulen aurkako kanporaketa gaindituz gero, Oñati-Amezketa kanporaketako irabazlea izango lukete aurkari azpeitiarrek. Eskuzko modalitatearen aurtengo finala ekainaren 24an, larunbatez, jokatuko da.

Pala motzean, Debaren aurka arituko da Azpeitia. Kanporaketa gaindituz gero, Andoain-Errenteria kanporaketako irabazlea izango lukete aurkari herriko palistek. Pala motzeko txapelketaren finala ekainaren 11n, igandez, jokatuko da.

Hona hemen bi modalitateko txapelketen taulak:

Eskuzko txapelketaren taula:

Gomazko paletako txapelketaren taula:

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide