Fiskalak absoluzioa eskatu du Zestoako Elizondo eraikinaren okupazioaren haritik epaitutako gaztearentzat

Mailo Oiarzabal 2023ko api. 19a, 09:59

ZGAk deituta atzo goizean Azpeitiko Epaitegien aurrean egin zuten elkarretaratzea. (Mailo Oiarzabal)

Atzo egin zuten auziaren bista Azpeitiko Epaitegietan. Zestoako Gazte Asanbladak deituta, elkarretaratzea egin zuten atarian.

Zestoako Elizondo (Zentroa) eraikinaren okupazioaren ondoren Donostiako Gotzaindegiak jarritako salaketa tarteko, gazte bat epaitu zuten atzo Azpeitiko Epaitegietan. Epaiaren zain gelditu da auzia, baina fiskalak gaztea absolbitzeko eskatu duela jakinarazi du Zestoako Gazte Asanbladak (ZGA).

Hain zuzen ere, salaketa kentzeko, epaiketa bertan behera uzteko zein Elizondoren eta Zestoako Gaztetxearen auziari irtenbidea emateko, eta epaitutako gazteari babesa adierazteko, ekintzak eta adierazpenak egin ditu azken egunetan ZGAk. Tartean, elkarretaratzea egin zuten joan den larunbatean Zestoan; eta atzo, epaiketa zela eta, Azpeitiko Epaitegien atarian elkartu ziren berriro, Epaiketa gelditu, soluzioa orain! zioen pankartaren atzean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide