40 MLK lasterketaren ibilbidearen bigarren zatia ezagutzeko aukera izango da larunbatean

Maialen Etxaniz 2023ko api. 19a, 14:07

Mandubitik Azpeitira bitarteko 31 kilometroko ibilbidea ezagutzeko aukera izango da larunbatean. Ostiraleko 12:00etan itxiko dute ibilbidea ezagutzeko txangoan izena emateko epea. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, "erritmo desberdinetako taldeak" egingo dituzte, ibilbidea hobeto osatzeko. 

Maiatzaren 6an izango da Domusa Teknik 40 MLK mendi lasterketaren bigarren edizioa, eta herritarrek ibilbidea aurrez ezagutzeko aukera izan dezaten, bigarren irteera izango da larunbatean, hilak 22. Hain zuzen, ibilbidearen bigarren zatia ezagutzeko aukera izango dute herritarrek, Mandubitik Azpeitira bitartekoa, zegazki. Joan zen martxoan egin zuten ibilbidearen lehen zatia, eta bigarrenaren txanda da oraingoan.

Anbulatorio aurrean jarri dute hitzordua, 07:30ean. Handik Mandubira joango dira Mandubira, eta antolatzaileek aurreikusten dute 08:00ak aldera ekingo diotela ibilbideari. "Erritmo ezberdineko taldeak egingo ditugu eta hogeigarren kilometroa anoa postu bat izango da. Hala eta guztiz ere, guztiei gomendatzen dizuegu norberaren bere jan-edana eta arropa egokia eramateko", azaldu dute antolatzaileek.

Nahi duenak Azpeitiko igerilekuko dutxak erabiltzeko aukera izango dute, baina goizean ez da konsigna zerbitzurik egongo. Ibilbidea ezagutu nahi dutenek izena eman beharko dute aurrez www.lagunonakmb.org webgunean, eta horretarako azken eguna ostirala izango da. Hain zuzen, ostiraleko 12:00etan itxiko dute izen-ematea. Interesa dutenek bost euro ordaindu beharko dute txangoan parte hartzeko. Ordainketa egunean bertan egin beharko dute. 

Boluntarioen eguna, ostiralean

Boluntariorik gabe "gauza gutxi" egin daitezkeela iritzita, Domusa Teknik 40 MLK mendi lasterketaren antolatzaile taldek maiatzaren 6an Azpeitian jokatuko den mendiko proban boluntario ariko direnentzako Boluntarioen Eguna antolatu dute ostiralerako, hilak 21. Egun horretan, 19:00etan, Azoka Plazan elkartuko dira, eta bertan lasterketaren informazioa jasoko dute eta kamisetak banatuko dizkiete mendi lasterketan boluntario ariko direnei. Ekitaldia "luntx eder batekin" bukatuko dute.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide