Hainbat herritako banda gazteek topaketa egingo dute etzi

Aitziber Arzallus 2023ko api. 21a, 09:30

Azpeitiko Banda Gaztearen emanaldi bat Soreasu antzokian.

Getxoko (Bizkaia), Sakanako (Nafarroa), Legazpiko (Gipuzkoa), Errenteriako (Gipuzkoako) eta Azpeitiko banda gazteak elkartuko dira eta kalejira eta emanaldia egingo dituzte.

40. urteurrenaren ospakizunetan murgilduta dabil Juan Antxieta musika eskola urte hasieratik, eta ospakizun horien barruko bi emanaldi egingo dituzte asteburuan. Etzi, igandea, Euskal Herriko hainbat herritako banda gazteek topaketa egingo dute Azpeitian. Hain zuzen ere, Getxoko (Bizkaia), Sakanako (Nafarroa), Legazpiko (Gipuzkoa), Errenteriako (Gipuzkoako) eta Azpeitiko banda gazteak plazan elkartuko dira 11:00etan, kalejira egingo dute, eta 12:00etan hasita, emanaldia egingo dute plazan. 

Emanaldia Hazparnen

Bihar, berriz, Juan Antxieta musika eskolako kideek eta Azpeitiko Udal Musika Bandak Hazparneko Anaitasunaren Kontzertu Handian parte hartuko dute. Hazparne-Azpeitiko anaitasunaren komiteak eta Idiak Pañak antolatu dute ekitaldi hori eta Mendeala aretoan izango da, 18:00etan hasita. Kontzertuaren lehen zatian Hazparneko Soinubila eta Juan Antxieta musika eskola ariko dira, eta ondoren, Azpeitiko Udal Musika Bandaren txanda izango da. Gaualdian, 200 musikarik baino gehiagok parte hartu dute eta doako saioa izango da. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide