Bat eginda, Hedatze programa zabala prestatu dute DBH1etik gorako ikasleentzat

Nerea Uranga 2023ko api. 20a, 14:46

Maiatzerako prestatutako Hedatze tailerren aurkezpenean atzo, ikastetxeetako ordezkariak, gurasoak, ikasleak, tailerrak emango dituztenak eta udaleko ordezkariak. (Nerea Uranga)

Hedatze proiektuaren barruan, DBH1etik gorako Azpeitiko Ikastola Ikasberriko, Iraurgi Ikastetxeko eta Urola Ikastolako ikasleei zuzendutako tailer eskaintza zabala prestatu dute maiatzerako, ikastetxeetako gurasoek, udalak, hainbat eragilek eta udalak bat hartuta. "Aisialdi eredu berri bat eraikitzeko" bidean pauso bat emanaz.

Azken ikasturtean, DBH mailako ikasleei zuzendutako Hedatze programa jarri zuten martxan herriko ikastetxeetan, Azpeitiko Udala bidelagun. Proiektu horren helburu nagusia "irakastorduak eta irakastorduak ez diren une hezitzaileak uztartzea" izan da, errefortzu tailerrez gain, beste hainbat arlo edota gai lantzeko tailerrak eskainiz. Irailean abiatu zuten, eta ordutik ikastetxe bakoitzak bere aldetik, udalaren eta herriko hainbat eragileren eta norbanakoren laguntzarekin egin dituzte tailerrak.

Hedatze programan sakontzeko eta sustatzeko xedez, urrats bat aurrera egin, eta maiatzerako tailerren eskaintza zabala osatu dute bat eginda ikastetxeek, gurasoek, ikasleek, herriko hainbat eragilek eta norbanakok zein udalak. Hain zuzen ere, hamar tailer eskainiko dituzte, ikastetxez kanpoko udal azpiegituretan: eskalada, kirola, irakurzaletasuna, bizikleta mantenua, lehen sorospenak, Elkarguneko denda, altzari konponketa, autodefentsa ziber feminista, sukaldaritza eta arkeologia.

DBH1etik gorako Azpeitiko Ikastola Ikasberriko, Iraurgi Ikastetxeko eta Urola Ikastolako ikasle guztiei zuzendutako doako eta borondatezko tailerrak izango dira, eta ikastetxeetako ikasleak nahastuta ariko dira. Dagoeneko, tailerretan izena emateko zabalik dago, eta ikasleei beren ikastetxeetan banatu zaie programa.

Aisialdi eredu berria eraikiz

Pandemia garaian, DBHko ikasmailak eskaintzen dituzten herriko hiru ikastetxeetako gurasoen ekimenez, eta udalak lagunduta, abiatutako elkarlanaren emaitza da maiatzerako prestatutako Hedatze programaren eskaintza zabala, eta datorren ikasturtean bide beretik jarraitzea da beren asmoa.

Ikastetxeetako guraso ordezkariek nabarmendu dute tailerren helburua ez dela ikasleek arratsaldeak "okupatuta" izatea. "Helburua da ikasleek beren beharrei eta zaletasunei bide ematea, aurrez aurreko harremana sustatuz", azpimarratu dute. Tailerretatik abiatuta, ikasleek "beren gustuko ekintzak ezagutzea" eta haiengan "jakinmina piztea" da nahi dutena, etorkizunean gaztetxoek beren kasa "autoantolatuta" aurrera eramateko gai izateko.

Azken batean, "aisialdi eredu berri bat eraikitzea" dute helburu, eta horretarako, ezinbestekoa ikusten dute "herri gisa" jardutea, ikaslea "erdigunean" jarriz, haiei hitza emanez eta haien beharrak ezagututa.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide