1.820 kilo hondakin atera dituzte Urola ibaitik

Julene Frantzesena 2023ko api. 22a, 08:59

Oraintsu egin duten garbiketan ibaitik atera dituzten hondakinetako batzuk. (Azpeitiko Udala)

Azpeitiko Udala Urola eta Ibai Eder ibaiak garbitzen aritu da asteotan. Zazpi kilometroko zatia garbitu dute, eta horietan askotariko hondakinak jaso dituzte; batez ere, errefusa eta plastikoa.

Azpeitiko Udala Urola eta Ibai Eder ibaiak garbitzen aritu da asteotan, eta erakundeak azaldu duenez, dagoeneko bukatu dituzte lanok. Zehazki, bi eremutan garbitu dute ibaia: Aldakaitzetik (Loiola) Basabe ingurura arteko 3,5 kilometro; eta Azoka Plazatik Antxieta Txikira arteko 4,2 kilometro. Orotara, zazpi kilometro garbitu dituzte, eta ibaitik 1.820 kilo hondakin atera dituzte.

Ibai garbiketa eskuz egin dute, eta bildutako hondakinak Lapatx zabortegira eraman dituzte, gaika salkatuta. Bildutako 1.820 kilo hondakinetatik 1.250 kilo errefusa dira, 300 kilo plastikoa, 250 kilo txatarra, hogei kilo egurra eta bi kilo gurpilak. Bilketa egiteko 16.279 euroko inbertsioa egin du udalak.

Erakundea 2020. urtean hasi zen Urola ibaia modu sakonean garbitzen, eta urtez urte, eremu edo ibai zati desberdinak garbitzen ditu, kontratazio bidez. Udalaren arabera, Azpeitian "garrantzi handia" du Urola ibaiak, herria "alderik alde eta erditik" zatitzen duelako: "Presentzia nabarmena du ibaiak herrian, eta azken urteotan, ibaiari eta haren inguruari balioa emateko eta hura babesteko lan neurri ezberdinak hartu ditu udalak".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide