Maila galtzeko arriskutik aldendu nahi du Lagun Onak futbol taldeak

Andoni Elduaien 2023ko api. 21a, 09:05

Aurrera Ondarroaren aurka jokatutako partidako irudia.

Urteko azken partida jokatuko du bihar Lagun Onakek. Hirugarren Mailan jarraitu nahi dute Azpeitikoek, eta Aurrera Vitoriaren aurkako azken partidarako sarrera doakoa izango dela adierazi du klubak.

Espainiako Hirugarren Mailan lehiatzen ari den Lagun Onaken gizonen lehen taldeak azken jardunaldiko partida jokatuko du bihar, 18:00etan, Garmendipe zelaian. Aurrera Vitoriarekin neurtuko ditu indarrak Ander Avellanedaren taldeak, dagoeneko maila galduta duen taldearekin, hain zuzen.

Azpeitiko taldeak denboraldia sailkapeneko azken hirugarren postuan –sailkapeneko hamalaugarrena– amaitzeko arriskua du, eta hain justu, hori da bihar saihestu nahi dutena. Errenteriako (Gipuzkoa) Touring eta Arrigorriagako (Bizkaia) Padura taldeekin du lehia Lagun Onakek orain. Sailkapenean, 31 puntu ditu Padurak, 30 Lagun Onakek eta 29 Touringek –egun hamalaugarrenak dira–. Estu dago, beraz, kontua behe aldeko postuetan.

Hain justu, denboraldia hamalaugarren postuan amaitzen duen taldeak Espainiako Bigarren RFEF mailatik Hirugarren Mailara euskal futbol talde bat jaitsiko den edo ez jakiteko zain egon beharko du, gutxienez, beste hiru astez. Egun, Beasain futbol taldeak du maila horretan presentzia galtzeko arriskua.

Dinamika kontua

Ander Avellaneda Lagun Onakeko entrenatzailearen arabera, "denboraldi guztiko dinamikak" eraman du Lagun Onak gaur egun dagoen lekura. "Taldeak ondo lehiatu du partida ia guztietan. Defentsan, taldea oso eroso eta oso ondo egon da. Zenbakiak hor daude; une honetan, gol gutxien jaso duen laugarren taldea gara", azaldu du entrenatzaileak. Kontrara, ordea, erasoan "asko kostatu" zaiela esan du tolosarrak. "Taldeak aukerak sortu ditu, baina golak egitea asko kostatu zaigu. Kasu horretan ere, zenbakiak hor daude. Gol gutxien egin dituen bigarren taldea gara. Horrek guztiak ekarri gaitu egoera honetara".

Aurrera Vitoriaren aurkako biharko partida "zaila" izango da Avellanedarentzat. "Nahiz eta maila aspaldi galdu zuten, lehiatzen jarraitzen dute. Joan den asteburuan ere, Urdulizi irabazi egin zioten etxean, eta badakigu neurketa ez dela erraza izango. Tentsio nahiz urduritasun puntu hori kudeatu behar dugu, lasai jokatu behar dugu. Badakigu egoera honi aurre egiteko gai garela; gure esku dago".

Zaleen aurrean egin beharko dio aurre biharko finalari Lagun Onakek. Hain zuzen, sarrera doakoa izatea erabaki du klubak. "Zaleei dei egiten diegu bihar Garmendipera etor daitezen. Azken esfortzua egin behar dugu, helburua lortzea behar dugu. Garrantzitsua da Gipuzkoarentzat Lagun Onakek Hirugarren Mailan jarraitzea, baita Azkoiti-Azpeitirako ere; izan ere, aparta da derbiek sortzen dutena. Espero dugu bihar 20:00etan garaipena ospatzen egotea".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide