Boluntario bila, Azpeitian

Aitziber Arzallus 2023ko api. 22a, 10:36

Garazi Etxaniz Adinkideko Azpeitiko arduraduna –eskuinean–, Leire Goenaga Azpeitiko Udaleko Gizarte Zerbitzuetako batzordeburua –eskuinetik bigarrena– eta Baigerako batzordeko kideak, artxiboko irudian. (Azpeitiko Udala)

Bakarrik sentitzen diren adinekoei konpainia egiteko herritar sarea osatu nahian dabiltza herrian. Gipuzkoako Hitzarako egindako erreportajea da honako hau.

Bakardadea sentipen hedatua da gizartean, adinekoen artean, batez ere. Sentipen horren zenbatekoa neurtzeko helburuarekin, bakarrik bizi diren 65 eta 80 urte bitarteko herritarren egoera aztertzeko ikerketa egin du Azpeitiko Udalak. COVID-19aren pandemiak haiengan izan duen eragina neurtu nahi izan du erakundeak, eragin horiek murrizteko neurriak hartzeko eta baliabideak eskaintzeko; adibidez, haiei konpainia egiteko boluntarioak.

Ikerketa egin ostean, hiru ondorio nagusi atera dituzte. Batetik, parte hartu duten pertsonek "osasun ona eta ohitura osasungarriak" dituztela; alegia, gehienak autonomoak eta independenteak direla, eta ez dutela laguntza formalaren edo informalaren beharrik. Bestetik, COVID-19aren ondorioak "uste baino leunagoak" izan direla haiengan, familia zein lagunarte eta gizarte harremanei dagokienez. "Ikusi da herritar gehienek badutela sare sozial sendo eta estu bat, eta bakardade sentipena urritzen du horrek". Baina, eta hirugarren ondorio gisa, ikusi dute bakardade sentipena "espero baino hedatuago" dagoela. Izan ere, ikerlanean parte hartu dutenen ia erdiek —alargunak gehienak, udalak zehaztu duenez— aitortu dute batzuetan bakarrik sentitu izan direla.

Elkarrizketatutako asko bakardade sentipen horri aurre egiteko boluntarioen laguntza jasotzeko edo boluntario izateko prest agertu direla jakinda, udalak erabaki du bakardadeari aurre egiteko egitasmo bat garatzen hastea, Adinkide erakundearekin elkarlanean. Hain justu, adineko pertsonen bakardadea arintzeko lan egiten duen gobernuz kanpoko erakundea da Adinkide, Gipuzkoako Foru Aldundiak duela sei urte pasatxo martxan jarritakoa.

Harreman afektiboak

Oraingoz, bakarrik sentitzen diren adineko herritarrei konpainia egiteko prest leudekeen boluntarioen bila ari dira Azpeitian. Garazi Etxaniz gizarte langile eta Adinkideko Azpeitiko arduradunak azaldu du "aukeratutakoa ez den bakardade sentipen horri aurre egitea" dela helburuetako bat. "Adinekoen eta boluntarioen artean harreman afektiboak eraikita; zahartzaroaren inguruan dauden estigmak, uste oker eta estereotipoak apurtzea ere bai; adinekoek gizartean duten parte hartzea sustatzea; eta belaunaldien arteko harremanak eraikitzea".

Jarraitu erreportajea irakurtzen Gipuzkoako Hitzaren webgunean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide