Gotzon Aranburu presoaren omenezko muralean margoketak egin dituztela salatu du Ernaik

Maialen Etxaniz 2023ko api. 21a, 10:08

Gazte antolakundeak jakinarazi duenez, astelehenean agertu zen margotuta erdikaleko murala. Ernairen hitzetan, "ez da kasualitatea", hilaren 17a Preso Politikoen Nazioarteko eguna baitzen. "Estatu espainiarrak sistematikoki gure elkartasuna, babesa eta maitasuna oztopatzen saiatzeko beste ahalegin bat da", adierazi du antolakundeak.

Gotzon Aranburu presoaren nahiz EPPK-ko gainerako presoen, iheslarien eta deportatuen omenezko muralean margoketak egin dituztela salatu du Azpeitiko Ernaik. Gazte antolakundeak azaldu duenez, astelehenean, hilaren 17an, agertu zen margotuta Ernaik berak Erdikalean egindako murala. Apirilaren 17an Preso Politikoen Nazioarteko Eguna da, eta gazte antolakundearen aburuz "ez da kasualitatea" erasoa egun horretan jazotzea: "Astelehenean agertu zen horrela, eta ez da kasualitatea, Preso Politikoen Nazioarteko eguna baitzen".

Era berean, Ernaik salatu du ez dela muralak erasoak jasotzen dituen lehen aldia: "Ez da eraso isolatu bat izan, Estatu espainiarrak sistematikoki gure elkartasuna, babesa eta maitasuna oztopatzen saiatzeko beste ahalegin bat baizik". Hori dela eta, geldirik geldituko ez direla jakinarazi du antolakundeak. "Jakitun gara espainolismoak, faxismoak eta eskuin muturreko pentsaerek gorakada izan dutela bizi garen gizartean. Baina eraso hauen aurrean ez gara geldirik geratuko, herriaren eta gazteon elkartasuna mugagabea baita", gaineratu dute. Horrenbestez, erasoa "gogor" salatzen dutela azpimarratu du Ernaik: "Azpeitiko Ernaitik gogor salatzen dugu eraso hau nahiz EPPK-k jasan dezakeen beste edozein eraso. Borrokan jarraituko dugu Gotzon eta beste euskal preso guztiak etxean izan arte"

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide