Hankamotz, Palentzian

Andoni Elduaien 2023ko api. 22a, 09:56

ISBko jokalari bat, erasoan. (El Norte de Castilla)

Lehia parean mantendu zen atsedenaldira arte (42 eta 38), baina aldageletatik itzuli ostean, Zunder Palenciak denboraldiako bi laurden onenak egin zituen. Amaieran, 103 eta 63, garaipena etxekoentzat izan zen. 

Juaristi ISBk 103 eta 63 galdu zuen atzo, ostirala, Zunder Palencia sailkapeneko bigarren taldearen aurka. Kalean bezala, kantxan ere ingurukoen babesa izan zuten jokalariek, zale ugarik lagundu baitzioten taldeari atzoko bidaian. Kontuak ez ziren nahi bezain oker hasi; Mikel Odriozolak zuzentzen duen taldeak lehen zati ona egin zuen. Atsedenaldiaren ondoren, baina, sekulako tartea zabaldu zuten markagailuan etxekoek. Kontrako errenta hura iraulezina bihurtu zen ISBrentzat, eta azken laurdenean abantaila areagotu besterik ez zuten egin etxekoek. 

Pare-pareko lehen laurdena jokatu zuten. Nathan Hooverrek laster erakutsi zuen saskiratzeko duen abilezia, baina etxekoen erantzuna ere segituan etorri zen. Odriozolaren gizonek gogor egin zuten lan lehen laurdenean, eta gauzak zail jarri zizkien sailkapeneko puntan dabilen taldeetako bati. Hartu eta eman aritu ziren bi taldeak lehen hamar minutuetan, baina lehen errenta palentziarrentzat izan zen (27 eta 22).

Lehiak ordura arte izan zuen puntuen iturria itxi egin zuten bi taldeek bigarren laurdenean; markagailua oso gutxi mugitu zen laurden horren lehen erdian. Bigarrenean, ordea, etxekoak une gozoan sartu ziren. Puntuak erraztasunez lortzen hasi ziren, eta defentsan tarte gutxi utzi zieten Azkoiti-Azpeitiko jokalariei. Hamar puntura urrundu baziren ere, Juaristi ISB lau puntura hurbildu zen atsedenaldiaren aurretik (42 eta 38).

Atsedenaldian, gainera, azpeitiar bat omendu zuen Zunder Palencia taldeak. Iñaki Lazkano CD Maristas taldeko ohorezko presidentea omendu zuten, eta hark talde horretan egindako lana aitortu zioten.

Lazkanori omenaldia egin zioteneko irudia. (El Norte de Castilla)

Atsedenaldiaren ondoren, partidak berriz ere lehen laurdeneko bizitasuna eta dinamismoa irabazi zituen. Bizi jardun zuten bi taldeek saskiratzeen bila, baina kantxan gehien asmatu zuena Zunder Palencia taldea izan zen, eta hala ireki zuen lehen tarte handia. Poliki-poliki lan egin zuten etxekoek, erasoan bezala defentsan, harik eta partida lehertu zuten arte. Azken laurdenera ezer lortzeko aukera gutxirekin iritsi zen ISB: 81 eta 53.

Juaristi ISB, bere onetik irtenda, ahalik eta txukunen aritu zen, baina etxekoek errenta handitu zuten. Etxekoek denboraldiko hirugarren eta laugarren laurden onenak egin zituzten Odriozolaren taldearen aurka. Azkenean, 40 puntuko errentagatik irabazi zuen Palentziako taldeak (103 eta 63).

Nathan Hoover izan zen taldeko saskiratzaile nagusia, hamabost puntu lortuta. Dena den, baliorik onena Barra Njiek lortu zuen (11 puntuko balorazioa). Denboraldia amaitzeko lau jardunaldiren faltan, Juaristi ISBk bizi-bizirik jarraitzen du, aurkariek ere kale egin baitzuten atzo. Orain, bi partida jokatuko dituzte Odriozolaren mutilek etxean, lehena, datorren igandean (18:00etan), Hereda San Pablo Burgos taldearen aurka. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide