Salbazioak berpiztu du ilusioa

Ihintza Elustondo 2023ko api. 22a, 20:22

Lagun Onaken gizonen talde nagusiak berebiziko partida jokatu du gaur Garmendipen, Aurrera Vitoriaren aurka. 1 eta 0 amaitu da neurketa, eta hiru puntu poltsikoratuta, mailari eustea lortu du taldeak. Hamabigarren postuan amaitu du denboraldia Lagun Onakek.

Lagun Onak futbol klubaren Espainiako Hirugarren Mailako taldeak berebiziko partida jokatu du gaur, Garmendipen. Norgehiagokan hiru puntu baino askoz gehiago zituen jokoan taldeak; izan ere, neurketa galduz gero eta beste taldeen emaitzak kontuan izanda, posible zateeken Lagun Onak maila galtzeko arriskuan sartzea. Jokalariek bazekiten, ordea, partida irabaziz gero, mailari eustea lortuko zutela, eta ez dute hutsik egin. Lortu dute salbazioa, eta horrek ekarri du klubera berriro ilusioa.

Aurrera Vitoria hartu du Lagun Onakek etxean. 18:00etan hasi da partida, eta lehen zatian gehiago izan da Lagun Onak. Dena den, Aurrera Vitoriak ere estutu du, eta aukera bat baino gehiago sortu ditu. Lagun Onakek ere sortu ditu aukerak; horietako batean, korner batean ostean, aurkarien sareetara bidali du baloia Ander Bengoetxeak. Xabi Geretak ere izan du aukera garbi bat, baina zutoinera bidali du baloia.

Markagailuan aurretik joanagatik, bigarren zatia luze egin zaio Lagun Onaki. Partida amaitzeko gutxi falta zela, 85. minutua igarota, epaileak Lagun Onaken aldeko penaltia adierazi du, eta zaleen artean bigarren gola irits zitekeenaren esperantza hedatu da. Dena den, Manex Iradik ez du asmatu, eta kolpea izan da hori etxeko taldearentzat. Hala ere, azken minutuetan eutsi egin dio Lagun Onakek, eta epaileak hiru txistuak jo dituenean, zoramena hedatu da zelaian. Azkenean, hainbeste sufrimenduren ostean, arnasa hartu du Lagun Onakek, eta datorren sasoian ere Espainiako Hirugarren Mailan jokatuko du.

33 puntu, hamabigarren postua

Garmendipen gertatzen zenari adi egon arren, Arrigorriagako (Bizkaia) Paduraren eta Errenteriako (Gipuzkoa) Touringen emaitzei begira egon dira Lagun Onakeko jokalariak eta zaleak gaurkoan. Izan ere, besteen emaitzek eragina izan zezaketen Azpeitiko taldeak mailari eutsi edo ez erabakitzerakoan. Lagun Onakek denboraldia sailkapeneko azken hirugarren postuan –sailkapeneko hamalaugarrena– amaitzeko arriskua zuen, eta hain justu, hori zen saihestu nahi zutena. Gaur, neurketa hasterako, sailkapenean 31 puntu zituen Padurak, 30 Lagun Onakek eta 29 Touringek. Padurak 1 eta 1 egin du Vitoriaren aurka, eta Touringek 2 eta 1 irabazi dio Urdulizi. Beraz, Lagun Onakek partida irabazi izan ez balu, mailaz jaitsiko zatekeen. Azkenean, baina, hamabigarren postuan amaitu du denboraldia Lagun Onakek, 33 punturekin.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide