Hainbat herritako banda gazteek topaketa egin dute Azpeitian

Gorka Eizagirre 2023ko api. 23a, 15:31

Getxoko (Bizkaia), Sakanako (Nafarroa), Legazpiko (Gipuzkoa), Errenteriako (Gipuzkoako) eta Azpeitiko banda gazteak elkartu dira herrian, eta kalejira nahiz emanaldia egin dituzte. Bestalde, atzo Hazparnen izan ziren Juan Antxieta musika eskolako eta Udal Musika Bandako kideak.

40. urteurrenaren ospakizunetan murgilduta dabil Juan Antxieta musika eskola urte hasieratik, eta ospakizun horien barruko emanaldia egin dute gaur. Hain zuzen ere, Euskal Herriko hainbat herritako banda gazteek topaketa egin dute Azpeitian. Zehazki, Getxoko (Bizkaia), Sakanako (Nafarroa), Legazpiko (Gipuzkoa), Errenteriako (Gipuzkoako) eta Azpeitiko banda gazteak plazan elkartu dira 11:00etan. Lehenik, kalejira egin dute herriko kaleetan barrena, eta 12:00etan hasita, emanaldia izan da plazan. 

Emanaldia Hazparnen

Atzo, berriz, Juan Antxieta musika eskolako kideek eta Azpeitiko Udal Musika Bandak Hazparneko Anaitasunaren Kontzertu Handian parte hartu zuten. Hazparne-Azpeitiko anaitasunaren komiteak eta Idiak Pañak antolatu zuten ekitaldi hori, eta Mendeala aretoan izan zen, 18:00etan hasita. Kontzertuaren lehen zatian Hazparneko Soinubila eta Juan Antxieta musika eskola aritu ziren, eta ondoren, Azpeitiko Udal Musika Bandaren txanda izan zen. Gaualdian, 200 musikarik baino gehiagok parte hartu zuten. 

Juan Antxieta musika eskolako eta Udal Musika Bandako kideak, atzo, Hazparnen. (Azpeitiko Udala)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide