Zaintza lanetan aritzen direnentzako oinarrizko euskara ikastaroa antolatu du udalak

Nerea Uranga 2023ko api. 24a, 14:54

Zaintza lanetan.

Zaintzaileek beraiek zaintzen dituzten pertsonekin euskaraz egiteko oinarrizko jakintza irakastea da ikastaroaren helburua. Izen ematea zabalik dago maiatzaren 5era bitartean.

Zaintzaileei zuzendutako doako euskara ikastaroa antolatu du Azpeitiko Udalak, Euskara Patronatuarekin batera. Zaintzaileei beren egunerokoan zaintzen dituzten pertsonekin euskaraz egin ahal izateko lehen hitz, esamolde zein oinarrizko jakintzak irakastea da ikastaroaren helburua.

Ikastaroa ekainean eta uztailean egingo da; hain zuzen ere, ekainaren 3a, 10ean, 17an eta 24an eta uztailaren 1ean eta 8an. 09:30etik 12:30era bitartean izango dira saioak Azpeitiko Udal Euskaltegian. Guztira, hemezortzi orduko ikastaroa izango da.

Dagoeneko izena eman daiteke euskara ikastaroetan, eta horretarako aukera maiatzaren 5era bitartekoa izango da. Izena emateko edo informazio gehiago jasotzeko Azpeitiko Udal Euskaltegiarekin edota Azpeitiko Udalaren Hezkuntza Sailarekin jarri behar da harremanetan: euskaltegirekin harremanetan jartzeko telefono zenbakia 943-81 19 47 da, eta euskaltegia@erabili.eus helbide elektronikoa; udaleko Hezkuntza Sailaren telefono zenbakia 943-25 50 06 da eta helbide elektronikoa hezkuntza@azpeitia.eus.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide