'Oink oink' eta 'Matria' filmak botako dituzte asteburuan Soreasun

Aitziber Arzallus 2023ko api. 26a, 08:30

'Matria' filma.

Oink oink haurrentzako lana igandean 16:30ean emango dute; Matria filma, berriz, igandean eta astelehenean, 19:30ean. Zinema saio guztietarako sarrerak dagoeneko eskuragai daude Kulturaz.eus webgunean.

Asteburuan zinemaz gozatzeko aukera izango dute haurrek zein helduek, bi film botako baitituzte Soreasu antzokiko pantaila handian: bata, Oink oink haurrentzako lana; eta bestea, Matria. Umeentzako emanaldia igandean izango da, 16:30ean hasita; Matria, berriz, igandean eta astelehenean emango dute, bietan 19:30ean hasita. Hiru zinema saioetarako sarrerak dagoeneko eskuragai daude Kulturaz kultur kooperatibaren webgunean.

Oink oink haurrentzako animaziozko filma Herbehereetan ondu dute Mascha Halberstad zuzendariaren gidaritzapean, eta ordubete eta hamabi minutuko iraupena du. Babsek 9 urteko neskatilaren eta Oink txerriaren gorabeherak kontatzen dituz ikus-entzunezkoak. Honela dio sinopsiak: "Babsek, 9 urteko neskatila batek, Oink izeneko txerritxo bat hartzen duenean aitonaren opari gisa, gurasoak konbentzitzen ditu bertan geratzeko, txakurkumeentzako trebakuntza jarraitzeko baldintzarekin. Txerritxoak bere bizitza eta familiko guztiena aldatuko du, gauzak ustekabean korapilatzen hasten diren arte, bere gurasoak Oinkentzat mehatxu handiena ez direla jakiten duenean".

Matria, berriz, Galizian girotutako lana da eta Alvaro Gago Diazek zuzendu du. Honela dio sinopsiak: "Ramona, 40 urteko emakumea, Galiziako kostaldeko herri batean bizi da, tentsio pertsonal eta ezegonkorrean murgilduta. Lan ugarirekin malabarismoak egiten ditu bizirauteko eta Estrella alabari etorkizun hobea emateko. Baina Estrella bere bidea hartzeko prest dagoenean, Ramona konturatzen da, lehen aldiz, zerbait egin dezakeela bere kabuz".

'Oink oink' filma.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide