Irekitzear da 41. Euskal Antzerki Topaketen kartel lehiaketa

Mailo Oiarzabal 2023ko api. 26a, 15:47

Aurten ere erakusgai jarriko dituzte kartel lehiaketara aurkeztutako lan guztiak. Irudian, 2022ko erakusketa.

Datorren asteartetik aurrera, maiatzaren 2tik 31ra, aurkeztu ahalko dira lanak lehiaketara. 900 euroko sari bakarra emango du udalak, eta 2023ko topaketen irudia izango da lehiaketaren lan irabazlea.

Datorren udazkenean egingo dituzte Azpeitian 41. Euskal Antzerki Topaketak, eta horien irudi nagusia izango dena aukeratzeko kartel lehiaketa antolatu du aurten ere Azpeitiko Udalak.

Hain zuzen ere, datorren astean irekiko dute lehiaketa horretarako lanak aurkezteko epea. Maiatzaren 2tik 31ra izango da horretarako aukera, aipatutako bi egunak barne.

Oinarriak prest

Kartel lehiaketaren oinarriak prest ditu udalak. 2023ko Euskal Antzerki Topaketak iragartzeko kartel ofiziala hautatzea da lehiaketaren xedea. Herritar orok aurkez ditzakete lanak, lehiakide bakoitzak gehienez bi; jatorrizkoak, argitaratu gabeak eta beste inongo lehiaketetan saritu gabeak izan behar dute, beti ere, irudiek. Egileek nahi dituzten koloreak eta teknika erabil ditzakete, baina lanen neurria zehaztuta dago oinarrietan: 450 mm x 680 mm (zabalera bider altuera). Kartel guztietan, lehentasunezko lekuan, lema hau agertu behar da: Azpeitia 41. Euskal Antzerki Topaketak 2023ko udazkena. Bi euskarritan aurkeztu behar dira lanak lehiaketara: luma kartoian eta euskarri digitalean, CD batean; egileek baimena eman behar diote udalari erakundeak aurkeztutako lanak bere webgunean jar ditzan. Egilearen sinadurarik gabe aurkeztu behar dira kartelak; lan bakoitzarekin batera aurkeztuko duten gutunazal itxi baten barruan jarri beharko dituzte egileek udalak oinarrietan zerrendatutako datu guztiak.

Udaletxeko Kultura bulegoan aurkeztu behar dira lanak, aipatutako daten artean, astelehenetik ostiralera, 07:30etik 14:30era. Edozein argibide behar duenak ordu tarte berean 943-15 70 68 telefono zenbakira dei dezake.

Saria eta erakusketa

900 euroko sari bakarra emango du aurten ere Azpeitiko Udalak kartel lehiaketan, irabazlearentzat.

Udalak izendatutako hiru adituk osatuko dute lehiaketaren epaimahaia, eta haiek hautatuko dute kartel irabazlea. Ekainaren bigarren hamabostalditik aurrera jakinaraziko du udalak lehiaketaren irabazlea. Aurretik, lehiaketara aurkeztutako kartel guztiekin erakusketa jarriko dute, eta ikusleek gustukoena duten kartelaren aldeko botoa emateko aukera izango dute.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide