Euskal presoei ezarritako salbuespen neurriak bertan behera uzteko eskatuko dute arratsaldean

Julene Frantzesena 2023ko api. 28a, 08:30

Otsaileko elkarretaratzeko irudia.

Etxera lelopean egingo dute elkarretaratzea, eta besteak beste, presoei ezartzen zaizkien salbuespen neurriak bertan behera uzteko eskatuko dute. 19:00etarako jarri dute hitzordua, plazan.

Euskal presoen eskubideen defentsan, elkarretaratzea deitu du Sarek gaur arratsalderako. Etxera lelopean egingo dute elkarretaratzea, eta besteak beste, presoei ezartzen zaizkien salbuespen neurriak bertan behera uzteko eskatuko dute. 19:00etarako jarri dute hitzordua, plazan.

Halaber, bihar, larunbatez, salbuespen neurriak salatzeko hitzordua jarri du Sarek Donostian. 11:30etik aurrera egingo dute protesta, Artzain Onaren katedralaren aurrean. Hain zuzen ere, Joseba Arregi presoari hirugarren gradua eten diotela eta, Martuteneko kartzelara itzuli behar izan du, eta Sareren hitzetan, hori euskal presoen "aurka mantentzen ari diren salbuespen egoera orokorraren erakuslea" da.

Datuetara ekarri du Sarek presoen egoera: "39 euskal preso baino ez daude hirugarren graduan, legez 110ek egon behar zuketenean. 50 preso ingururi ez zaie zenbatzen Frantzian jada bete duten zigorraren zatia. Askok 40 urteko zigorra bete beharko dute, Aznarren garaian onartutako 7/2003 legea bere horretan aplikatzen baldin bada. 17 presok gaixotasunak dituzte, baina, hala ere, espetxean jarraitzen dute".

Sareren arabera, Espainiako Auzitegi Nazionaleko hainbat "sektore atzerakoik" presoak etxera itzultzeko bidea "sistematikoki oztopatzen" jarraitzen dute. Gainera, presoen eta haien senideen eskubideak "murrizten" ari direla ere salatu du Sarek. "Hiru hamarkada baino gehiagoko kondena luzeak bete ondoren, isolamendua eta zigor erantsia pairatu ondoren, ezin da etxerako buelta geldiarazi mendeku gisa".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide