Correoseko langileak lanuzteak egitekotan dira, "langileen kontratazio falta" salatzeko

Andoni Elduaien 2023ko api. 27a, 08:58

Azpeitiko Correoseko langileak, egoitzaren aurrean. (LAB)

Nabarmendu dute Correos Posta Zerbitzu Unibertsala (SPU) "urratzen" ari dela, eta "etengabe atzeratzen" ari direla gutunak nahiz jakinarazpenak entregatzeko legeak jasota dituen epeak. Langileen "kontratazio falta" salatzen jarraitzeko, hiru orduko lanuzteak egin edo ez "baloratzen" ari dira Azpeitiko postariak.

Azpeitiko Correoseko langileek "kontratazio falta" salatzeko elkarretaratzea egin zuten atzo, asteazkena, Correosen egoitzaren parean. CCOO, LAB, ESK eta UGT sindikatuek azaldu dute "kezkatuta" daudela posta zerbitzuaren lanpostuak ez direlako betetzen. Azpeitian, esaterako, bederatzi lanpostutatik "hiru bete gabe" daudela azpimarratu dute. Hori horrela, hiru orduko lanuzteak egin edo ez "baloratzen" ari direla jakinarazi dute sindikatuek.

Azaldu dute "denbora asko" daramatela lanpostu guztiak betetzeko eskakizuna egiten. "Langileak kanpoan egon diren egunetan, Correosek ez ditu bete lanpostuak, nahiz eta egun horiek behar besteko aurrerapenaz programatuta egon". Nabarmendu dute Correos Posta Zerbitzu Unibertsala (SPU) "urratzen" ari dela, eta "etengabe atzeratzen" ari direla gutunak nahiz jakinarazpenak entregatzeko legeak jasota dituen epeak. "Langile faltaren aurrean, enpresak beste produktu mota batzuk lehenetsi ditu, besteak beste, paketeria. Sindikatuok salatu nahi dugu egoera horrek langileengan sortzen duen gehiegizko ahalegina, langileen lan-baldintzei eragiten diena".

Gogorarazi dute, gainera, hauteskunde-kanpainak "lan gainkarga" sortzen duela beraien zereginean. "Oraingoz, ez dago lanpostu guztiak betetzeko aurreikuspenik". Era berean, hauteskunde kanpainarako Correosek 2.500 pertsona kontratatzeko asmoa azaldu duela adierazi dute sindikatuek. "Kontuan hartuta hurrengo Enplegua Bateratzeko deialdian 7.757 lanpostuko deialdia egin dutela, enpresak berak agerian utzi du libre dauden lanpostu guztiak eta 2.500 kontratu horiek ez direla nahikoak".

Bestalde, Hondarribiko (Gipuzkoa) langileen argudioak zalantzan jartzeko Correosek komunikatu bat igorri duela adierazi dute sindikatuek. Idatzi horren aurrean, baina, sindikatuek "berretsi" dute azken urteetako kontratazio faltaren arazoa "erreala eta frogagarria" izan dela. "Arazo hori ez da Hondarribian bakarrik gertatzen". Hori horrela, mobilizazioak lurralde osora zabalduko dituzte.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide