GUTUNA

Etxekoak zure kalte ari direnean

Hegoa Larzabal Iraurgi Ikastetxeko Guraso Elkarteko, Ana Belen Ranchal Hondarribiko Ama Guadalupekoa Ikastetxeko Guraso Elkarteko eta Xabier Flores Mutrikuko Samiela Ikastetxeko Guraso Elkarteko kideak 2023ko api. 29a, 09:00

Gurasoek elkarretaratzea egin zuten duela egun batzuk Betharrametako eraikinaren kanpoaldean.

Hegoa Larzabal Iraurgi Ikastetxeko, Ana Belen Ranchal Hondarribiko Ama Guadalupekoa Ikastetxeko eta Xabier Flores Mutrikuko Samiela Ikastetxeko guraso elkarteetako kideek honako gutun hau kaleratu dute matrikulazio prozesuan izan diren aldaketak tarteko. Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailari eta Kristau Eskolari zuzendu zaie elkartea.

Jakineko kontua da haur baten guraso izateak berarekin dakartzala maitatzeko era berezia eta etengabeko kezka. Egunik onenetan ere, bada buru-bihotzaren ertzean ume horren bizitzari buruz hartzen dituzun erabakien inguruko zalantza. Baina badakizu guraso zaren heinean, tratua hala dela, asko maitatzeak, kezkak eta beldurrak dituela bidelagun.

Eta bide horretan, begira hasten zara zorrotz. Inoizko abiadura handiena eta aukera zabalena eskura jartzen digun mundu modernoan, behaketan hasten zara, zure ardurapean dagoen haur horrentzat egokiena den bidea hautatzeko. Edo hala izan da bederen, oraintsu arte.

Aurrerantzean ez dute gurasoen begiek erabakiko zein bidezidor hartu, Hezkuntza Sailak baizik. Haurra bera, gurasoak eta haien iritzi eta asmoak ezagutu gabe, eta ezagutzeko inolako asmorik gabe, Lakuako bulego batean erabakiko dute, aldebakartasunez, hango eta hemengo haurren eskolatzea non eta nola izango den.

Ustez zure haurra babesteko eta familien nahiak eta eskubideak bete daitezen lanean ari diren erakundeek erabaki dute, zilegi dela zure familia eta haurren eskubideak zapaltzea eta zuk aurretik hartutako erabakia hutsaren hurrengoa dela. Goitik beherako botere harremana da gure artekoa, Hezkuntza Saila gurasoen gainetik jarri baita, inor gutxik ulertzen dituen irizpide lauso batzuen aitzakian.

Beraiek adostutako legea, guztion artean ordaindutako baliabideak eta burokraziaren nagia alde dituztela, erraza da haientzat egoera luzatzea. Azken batean, esan berri du Bildarratz sailburuak familia gutxi batzuei baino ez diela eragiten erabaki honek eta men egiten ez duten gurasoen seme-alabek ez dutela eskola-espedienterik izango, gurasoek aukeratutako eskolan jarraitzea erabakitzen badute.

Noiztik zaio zilegi Hezkuntza Sailari herritarrak, gurasoak eta gure seme-alabak horrela tratatzea? Nork eman dio gure seme-alaben etorkizunaren gaineko eskumena? Hezkuntza komunitatea, noiz arte da komunitate, Hezkuntza Sailari hala komeni zaion arte? Nork sinetsarazi dio Bildarratz jaunari gure seme-alabei buruzko erabakirik har dezakeenik? Horrela pentsatzen al du sailburuak eta bere taldeak segregazioaren arazoari aurre egitea? Ez al gara ba aurtengo prozesuan parte hartutako familien %6a bakarrik?

Segregazioa saihesteko, galdetegi bat betearazi zenuten. Galdetegi horrek ezin du inolaz ere familia baten zaurgarritasun maila neurtu, bizitzako une konkretu batean betetzen delako eta bertako galderak ez dutelako zerikusirik zaurgarritasunarekin. Gai honek, prozesu luzeagoa, progresiboa, serioagoa, gardenagoa, objetiboagoa eta neurgarria eskatzen du. Eta ikastetxeen eta gurasoon ardura bakarrik ote da segregazioa saihestea? %6a bakarrik bagara kaltetuak, nekez konpoduko da segregazioaren arazoa.

Eta non dago Kristau Eskola, ikastetxearen eta bertako familien eskubideak defendatu behar dituen eragilea? Baloreetan oinarritutako hezkuntza eredua izanik, zer erakusten ari da? Zergatik adostu edo baimendu du Hezkuntza Sailarekin gure ikastetxeetako familien seme-alabak kromoak balira bezala truka daitezkeela? Zer familia eredu du buruan, kide batzuk bazterrean uzten dituen familia eredua? Zergatik ez du gure alde egin, zergatik ez da gurekin harremanetan jarri, egoera nola konpon daitekeen aztertzeko. Zergatik ez digu laguntzen? Zer dago ez hanka eta ez buru, ez duen hitzarmen honen atzean?

Esan gabe doa, legea, logika eta bihotza eskuan ditugula egingo dizuegula aurre, behar den tokian. Bien bitartean, gure babesa eta elkartasuna helarazi nahi diegu erabaki honek erasandako familiei. Bidelagun izan gaituzue orain arte, eta hala izango gaituzue aurrerantzean ere, bidegabekeria hau konpondu arte.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide