Datorren igandean izango da II. Kale Pintura Lehiaketa

Nerea Uranga 2023ko mai. 1a, 09:00

II. Kale Pintura Lehiaketaren aurkezpena. (Azpeitiko Udala)

Iaz lehen edizioak izandako arrakasta ikusita, beste behin antolatu dute kale pintura lehiaketa Arte eta Diseinu Ikastegiak, Kulturaz kooperatibak eta udalak. Lehiaketaren egunean, 09:00etatik 11:00etara artean zigilatu beharko dira lanerako euskarriak Betharrametako erakusketa aretoan.

Iaz egin zuten Azpeitian kale pintura lehiaketaren lehen edizioa, eta egitasmoak izan zuen erantzuna tarteko, bigarren aldiz egitea erabaki dute Arte eta Diseinu Ikastegiak (ADI), Kulturaz kooperatibak eta udalak. Datorren igandean, maiatzaren 7an, izango da lehiaketaren bigarren edizioa. 09:00etan hasiko da lehiaketa, Betharrametako erakusketa aretoan, eta artelanak toki berean aurkeztu beharko dira 13:00etatik 13:30era artean. Sari banaketa, berriz, 14:30ean egingo dute.

Edozeinek parte hartu ahal izango du kale pintura lehiaketan, eta bakoitzak nahi beste lan aurkeztu ahal izango ditu. Hori bai, aurretik, 09:00etatik 11:00etara bitartean, pintura lehiaketako partaideek laneko euskarriak zigilatu beharko dituzte Betharram erakusketa aretoan. Euskarriak aurrez lanerako prestatuta eramatea onartuko dute, ez dute, ordea, marrazki, zirrimarra edo marra aztarrenik eduki behar. Euskarriak gogorra izan beharko du, ondoren egingo duten erakusketan jarri ahal izateko.

Behin euskarriak zigilatuta, lanak kalean eta Azpeitiko lurretan egin beharko dituzte partaideek, nahiz eta edozein teknika edo material erabilita gauzatu ahalko dituzten. Kale pintura lehiaketaren antolatzaileek jakinarazi dute lanak  "argitaragabeak" izan behar dutela: "Lanaren egileak izango du erantzunkizun osoa baldintza hori ez betetzearen ondorioz gerora gerta daitekeen edozein erreklamazioren aurrean".

Bukatutako lanak Betharram aretoan aurkeztu beharko dituzte partaideek 13:00etatik 13:30era bitartean, egilearen honako datuak adierazita: jaiotze data, nortasun agiriaren zenbakia, herria, helbidea eta telefono zenbakia.

Bi maila eta bost sari

Bi mailatan banatuko dute kale pintura lehiaketa: maila batean, 16 urtetik gorakoen artelanak lehiatuko dira, eta bestean, 16 urtetik beherakoenak.

Antolatzaileek izendatutako epaimahaiak erabakiko ditu lehiaketaren lan irabazleak, eta igandean bertan, lehiaketaren egunean egingo dute sari banaketa: 14:30ean, Betharram erakusketa aretoan. Epaimahaiak erabakia hartu bitartean, hamaiketako eskainiko zaie pintura lehiaketako partaideei Sanagustin kulturgunean.

Guztira, bost sari banatuko dituzte aurten ere –hutsik gera daitezke horiek–: hiru 16 urtetik gorakoen mailan eta bi gaztetxoen mailan. Helduen mailako lehen sariaren irabazleak 800 euro jasoko ditu, eta bigarrenak, berriz, 500 euro. Horrez gain, herritar sari deitu dutena ere banatuko dute, eta haren irabazleak 300 euro eskuratuko ditu. 16 urtez azpiko parte hartzaileen artean, arte materialez osatutako bi sari banatuko dituzte: 12 eta 16 urte bitartekoen artean bata, eta 12 urtez azpikoen artean, bestea.

Lehen bi sariak eskuratzen dituzten lanak Azpeitiko Udalaren jabetzan geldituko dira, eta lehiaketara aurkeztutako lan guztiekin osatutako erakusketa zabalduko dute egitasmoaren biharamunean, maiatzaren 8an, Betharrametan, eta hilaren 15era arte izango da irekita.

Honako lotura honetan irakur daitezke lehiaketaren bigarren edizioaren oinarriak.

Iaz Juanjo Altuna arrasatearrak irabazi zuen pintura lehiaketaren lehen edizioa. Denera, 22 helduk eta hemezortzi gaztetxok parte hartu zuten lehiaketan orduko hartan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide