Ander Avellanedak ez du jarraituko Lagun Onak futbol taldeko entrenatzaile izaten

Maialen Etxaniz 2023ko api. 29a, 17:09

Ander Avellaneda, artxiboko irudi batean. (Mailo Oiarzabal)

Lagun Onak futbol taldeak sare sozialen bitartez jakinarazi du albistea. Gizonezkoen lehen taldean egindako lana aitortu eta eskertu dio klubak. Ez dute jakinarazi nork hartuko duen taldea gidatzeko ardura. 

Lagun Onak futbol taldeak gaur Twitter bitartez jakinarazi duenez, Ander Avellanedak ez du jarraituko Lagun Onak futbol taldeko gizonezkoen entrenatzaile izaten. Tolosarra 2020ko azaroan iritsi zen Azpeitiko taldera, Aitor Zubizarreta ordezteko.

Avellanedak bi urte eta erdi egin ditu gizonezkoen lehen taldea entrenatzen, eta kirol taldeak eskerrak eman dizkio egindako lanagatik. "Klubak eskerrak eman nahi dizkio Ander Avellaneda entrenatzaileari lehen taldean egindako bi urte eta erdi hauengatik. Lan handia egin du. Beti izango da Garmendipe zure etxea Ander; eskerrik asko!", adierazi du Lagun Onakek sare sozialean plazaratutako mezuan. Oraindik ez dute jakinarazi nor izango den entrenatzaile berria. 

2020aren hondarrean iritsi zen Avellaneda Lagun Onakera, taldea egoera oso onean ez zela –sailkapeneko beheko postuetan zegoen–. Aitor Zubizarreta entrenatzailearen lekua hartu zuen ordura arte Tolosako gizonen lehen taldeko entrenatzaile izan zenak. Mailari eustea lortu zuen Lagun Onakek denboraldi hartan. 2022ko maiatzean berritu zuen kontratua Lagun Onakekin. Azken bi urteetan Iñigo Saizar jokalari eta kapitain ohia izan du laguntzaile lanetan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide